Hementxe direla!

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Arzallus 2025ko urt. 19a, 07:00

Aitziber Arzallusek 2025ko San Sebastian jaietako egunkari berezian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ez zaizkit gustatzen etiketak, nigatik balitz denak kenduko nituzke. Baina jakitun naiz egungo joera kontrakoa dela, modan dagoela etiketa berriak sortzea eta jartzea, eta gaurkoan, prest nago ahalegina egiteko. Sailkatzeko balio dute etiketek, talde bateko edo besteko kide izendatzeko, eta ia edozeri jar dakizkioke. Azpeitiarrak, adibidez, modu askotara sailka daitezke. Aukera bat izan daiteke azpeitiartasun sentimenduaren arabera egitea.Azpeitiar, azpeitiano ala Azpeitiko bizilagun sentitzen zara? Galdera horri nola erantzuten diozun, etiketa bat edo bestea jarriko diozu zeure buruari. Beste modu bat izan daiteke zezenzaleak eta zezenak gustuko ez dituztenak bereiztea; edo hobeto esanda, zezenaren bueltako ekitaldiak gustuko dituztenak eta ez dituztenak –zezenak ez baitu kulparik–; horra hor beste bi etiketa. Eta herriko festa maiteenen araberako sailkapena egitea ere badago. Zein dituzu gustukoago, sansebastianak edo karnabalak? Bai, badakit festa gehiago ere baditugula herrian, baina besteak gutxietsi gabe, adierazgarrienak horiek iruditzen zaizkit.

Ni azpeitiarra sentitzen naiz, ez zaizkit zezenaren bueltako ekitaldiak gustatzen, baina karnabalak bai, asko, sansebastianak baino gehiago. Badakit esku artean duzuen hau sansebastianei buruzko gehigarria dela, baina gezurretan ere ezingo naiz ba hasi. Azpeitiar ia guztiak bezala, danborradan noiz edo noiz parte hartutakoa naiz, umetan pare bat alditan eta helduenean beste bitan. Ez dut oroitzapen txarrik, baina gaur ez nau tentatzen danborradak, eta interes gutxi sortzen didate sansebastianek. Ez naiz gai parte hartzen duten taldeak zerrendatzeko, ezta bakoitzak zer-nolako jantziak dituen esateko ere, ez dakizkit kantuen izenak, ez naiz minduko talderen batek trakets samar jotzen badu, eta ez dut bururik nekatuko lau talde berri sortuko balira haiek non kokatu pentsatzen. Agian, nire lanagatik, ezagutza handiagoa izan beharko nuke, baina zertarako, sekula ez baditut inguruan ditudan adituak gaindituko? Batek sansebastianei buruz egin zuen gradu amaierako lana, beste batek Goizeko izarra jarrita lotaratzen du umea, beste bat urtearekin batera hasi zen sansebastianetako doinuak ahapetik kantatzen eta bolumena igoz doa egunetik egunera... Sansebastianzalearen etiketa ondo irabazitako jendea daukat inguruan, ez daukat gehiagoren beharrik.

Hala ere, aitortu behar dizuet azken urteotan xarma puntutxo bat topatu diedala sansebastianei, eta gezurra badirudi ere, lanaren kontura izan dela hori; Guka Telebistarako egiten dugun zuzeneko saioaren kontura, hain zuzen. Plazan ibiltzea tokatu izan zait, danbor jotzaile artean, saltsan, zuzenekorako elkarrizketak egiten, eta ondo pasatu izan dut, bai lanean, bai aurretik egiten dugun afarian, baita ondorenean ere. Aurten ere ahaleginduko gara saio txukun bat egiten, eta lanean ariko garen arren, ondo pasatzen, hori ere posible baita. Eta beste horrenbeste opa dizuet zuei denoi ere. Sansebastianzaleok, gozatu festaz ahal duzuen guztia; asko jo eta, batez ere, ondo jo (danborra). Karnabalzaleok, hasi elegante jantziak eta mozorroak prestatzen, sansebastianak izateak karnabalak badatozela esan nahi baitu, hementxe direla!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide