Segurtasuna

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren 2025ko uzt. 24a, 14:48

Ertzainak Azpeitiko Udaltzaingoaren egoitza atarian, igande goizaldean. (Gedar)

Aitziber Sarobek Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako artikulua da honako hau.

Sentsazio bat da, sentipen bat, uste bat. Leku batek, usain batek, pertsona batek edo ideiek ere eragin dezakete: bakoitzak ditu bere heldulekuak. Baina badu etsai gogor bat, itzal handikoa, jainkoa bezala, nonahikoa eta ahalguztiduna: beldurra. Guztiok ditugu gure mamuak eta zenbaitek badaki horri etekina nola atera.

Eliza Katolikoa izan da beldurra zabaltzeko makina paregabea gurean. Pertsonen izateko eta, bereziki, jokatzeko moduetan eragin nahi horretan, beldurra eragiteko bitarteko guztiak asmatu zituzten: infernua deitutako toki bat, intzentsua eta sakristietako hezetasun usainak, moralaren zaintzaileak ziren elizkizunetako kontakatiluak, eta batez ere eta, bereziki,  bekatuaren ideia. Inkisidoreak eta exorzistak besterik ez zituen falta (pederasten laguntza bikainarekin) Aita Santuak munduan, beraientzat sortutakoan, noski, ordena zabaltzeko. Ez dira gutxi, oraindik, segurtasuna elizetan bilatzen eta aurkitzen duten pertsonak.

Muturreko kasu horrek baditu askoz arinagoak eta hutsalagoak diren adibideak. Barregarrienak iragarki gisa aurkezten dizkigute telebistan. Lekuak etxeak dira, txaletak hobeki esanda; pertsonak lapurrak, eta usainik ezean, irudiak dauzkagu ikusgai. Ideia berriz, zaharra bezain gizatiarra: jabego pribatuaren arriskua. Ezin konta ahala enpresa daude gure etxeak eta gorputzak kamerez betetzea desiratzen.

Zer esan bizitzeko ere ezinbestekoak ditugula sinetsarazi nahi diguten aseguru etxeez. Nekaezinak dira euren iragarki, ohar eta mezuekin. Estatistikoki baten bat ezagutzeko ia probabilitaterik ez baduzu ere, sinetsi lapurrez inguratuta zaudela! Eta zure jabegoa kaltetzeko arriskurik ia ez duzula jakina bada ere, besteenak kaltetuz gero zer? Ezinbestekoa zaizu mota guztietako aseguruak kontratatzea. Baita zu hil ostean beste norbaitentzat hipoteka ordaintzeko ere! Polizak dira zure salbazioa.

Oso azaletik aipatutako bi kasu horiek erakusten dute nola atera dakiokeen etekina beldurrari. Berau itsua baita, irrazionala. Argudio potoloenek, daturik fidagarrienek edota adibiderik sendoenek ere ezer gutxirako balioko diote beldurra hezurretaraino sartuta daukan pertsonari. Lagunarteko babesean bilatu beharko du salbazioa.

Hori oso ondo dakite gaur ordena totalitarioak, alegia, ordeno y mando-ko agintaritzak, maite dituzten gizarte ereduen defendatzaileek. Haiek asmatu ez badute ere, eurentzat nahiko luketen lekua parlamentua da, usaina polborarena eta pertsonak, etsai bihurtu dituzten guztiak: etorkinak, kolorez beltzak, homosexualak eta beraienak ez bestelako perbertsio sexualen zaleak, independentistak, beraiena ez den nazioa defendatzen duten nazionalistak eta batez ere eta bereziki, pobreak. Eskuin muturrekoak dira lotsarik gabe euren burua aurkezten dutenak, baina bestelako alderdietan ere ez dira gutxi haiekin bat egiten dutenak. Ideia, berriz, gizakia bezain zaharra: ezberdinak diren horiek akabatuko zaituzte. Haiengandik babesteko eskatzen dituzte etengabe segurtasun indarrak, poliziak eta militarrak.

Baina zenbakiek, bizipenek eta gertaerek ideia horiek kontrajartzen dituztenean sortzen da benetako arazoa. Lapurrak parlamentuetan daudela ikusten dugunean, kanpotik etorritako gehienek hemengoak bezala lana eta bizimodua besterik ez dutela nahi erakusten dutenean, ahal beste ahaleginduta ere, bizi diren artean pilatutako diru guztia gastatzeko denborarik izango ez duten horiek armak egiten jarraitzeko dirua beharrezkoa dela diotenean eta besteontzat ordeno eskatuta eurek mando izatea aldarrikatzen dutenean, zer egin militarrekin eta poliziekin?

Aurreko asteburuan sudurrarekin jo arte ia ikusezina omen zen margoketa batek eragindako istiluekin ertzainez bete ziren Azpeitiko kaleak. Alkateak zentzuna eskatu zuen biharamunean, kaleen eta bertako altzarien zaintzak neurrizko erantzuna merezi duelakoan.

Ez dira iritzi berekoak Segurtasun sailekoak eta, oro har, EAJko ordezkariak, gertaera oso larriak izan zirela iritzita. Baina hobeto egingo lukete Bingen Zupiriak eta lehendakariak dakitena ezkutatzeari utziko baliote: Jusapolen eta haien inguruan elkartzen diren ertzainentzat etsaia herria garela, ordeno y mando onartzen ez dugun herritar aske eta politikoki aktiboak. Altzariak euren tiro zelaia besterik ez dira, eta margoketak, borratu edo estali behar ez dituzten aitzakiak.

Ondo pasatu festak!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide