Mozioa emozio

Erabiltzailearen aurpegia Alaitz Olaizola 2005ko urr. 26a, 17:10

Utziko didazue jardutearen aldera jarduten. Zera, gaur, Hitza-ko titularretan, honela irakurri ez dut ba: “Hiru emozio izango dituzte aztergai gaurko udalbatzarrean” Ni bai harritu! Udalbatzarretan emozioak aztertzen hasi ote dira ba? Berehala, burua astindu eta begira jarri natzaio berriro ere titularrari. Noski, “mozio” jartzen zuen, eta ez “emozio”. Nik nahiago izango nuen emozio jarri izan balu! Ez dut esan nahi, mozioak jarri behar ez direnik, ez horixe! Hobe, mozioak emozioz jartzen badira ordea!

Zergatik irakurri dudan emozio? Bai, badakit bistak halakoak askotan egiten dituela, baina oraingoan, “mozio” hitza izan da nahastu nauena eta “emozio” bilakatu. “Inozo” izan zitekeen, edo “negozio”. Emozio… Zer esango dizuet ba, egunkariarekin emozionatu naizenekorik ez dut gogoan. Argazki tristeren baten aurrean, zeoze, baina emozio atseginak, oso gutxi.

Ni bai harritu udalbatzarreko hiru emozioekin… Zerk emozionatzen nauen pentsatzen jarri naiz gero.

Bat: Abesti on batek, dudarik gabe. Honek, besoko ileak puntan jartzen dizkit.

Bi: Etxeko txikiaren kontu anitzek. Bai, ama batentzako oinordekoen kontuak, sekulako pisua izan ohi dute.

Hiru: Zientzia fikziozko liburu on batek. Asimov-en edozein, urruneko eta etorkizuneko kontuak belarrira kontatzen dizkidan horietako bat.

Hiru aipatu ditut jada. Um… Eta beste batzuk, hemen konta ezin direnak, noski.

Askotan galdetzen diot neure buruari, zergatik atsegin dudan horrenbeste eszenategi batetara igo eta sekulako urduritasunarekin gainean, sekula santan erabat ondo gogoratu ezin izaten dudan testua, mugimenduekin nahastuz jende aurrean botatzea. Berdin da lehengo aldia izan edo hogeigarrena. Beti izan ohi da emozionantea. Eta bukatutakoan, are eta emozionanteagoa. Marka duk gero! Zarautzko mozioei eskerrak eman beharrean egongo naiz gainera! Emozionantea delako ote gara ba titiriteroak? Ezin emoziorik gabe bizi…

Hauetako egun batean, Azpeitiko udaletxeko udalbatzarrera joango naiz, nire emozioak besapean hartuta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide