Azpeitiko Gure Esku Dago taldeak aurrera begirako proiektuaren berri eman eta ekarpenak jasotzeko batzar irekia ospatu zuen joan den larunbatean. Baigeran egin zuten bilkura, eta 27 lagun elkartu ziren bertan. Eztabaida mamitsuak izan ziren, gainera, bertan.
Lehendabizi Eskura izeneko eztabaida-txostena aurkeztu zen. Gure Esku Dagok aurrera begira landuko dituen esparru garrantzitsuenak definitzeko helburua duen dokumentua da; egingo diren ekimenak, eratzeko modua, finantziazioa... jasotzen dituena. Dokumentuaren gaineko ekarpenak jasota, hemendik eta 2017 urtera bitartean erabakitzeko eskubidearen gaineko oinarriak finkatuko ditu Eskura txostenak. Eztabaida-txostena da; izan ere, hemendik eta azaroaren 9ra arte herri desberdinetako Gure Esku Dagoko saretuek nahi adina ekarpen egin ditzakete. Ondoren, azaroaren 21ean, Gure Esku Dagoren ezohiko batzarrean behin betiko txosten bihurtuko da.
Batzarraren bigarren atalean hainbat galdera egin genituen. Azpeitian herri-kontsulta egitearen ingurukoak guztiak. Eta bi taldetan banatuta galderen gaineko iritziak konpartitu genituen. 'Nola ikusten duzue Azpeitian herri kontsulta egitea? Herri galdeketa egitekotan noiz egin beharko genuke? Zeintzuk izan beharko lukete hasierako pausuak?'. Eginiko ekarpenetan eta sortutako eztabaidetan agerian geratu zen Azpeitia herri aproposa dela herritarren indarrak aktibatu eta proiektua bideratzeko, baina horrek aurrez hainbat lan egitea eskatzen duela, eta horretarako ezinbestekoa dela Azpeitiko herritarrekin abiatzea bidea.
Larunbatekoa abiapuntua besterik ez zen izan. Eta hau da ateratako ondorio nagusia: kontsulta herritar guztion proiektua izan dadin ezinbestekoa da ahalik eta herritar gehienen ekarpenek osatutakoa izatea. Erabakitzeko eskubidea guztiona denez, kontsulta guztiok guztiontzat egin beharko genuke.
Eskura dokumentuari ekarpenak egiteko moduak: Dokumentua www.eskura.eus webgunean dago eta azaroaren 9a baino lehen bete behar da. Horren gaineko zalantzak izanez gero, idatzi azpeitiagureskudago@gmail.com helbidera.
Gure Esku Dagok aurrerantzean egingo dituen ekimenak eta Eskura dokumentua zer den ulertzeko bideoa ikusgai dago Gure Esku Dagoren webgunean.