Duela hamar urte erabakitzeko eskubidearen alde dozenaka herritar bildu ginen Ficoban (Irun), eta itxaropen eta ilusioz Gure Esku Dago ekimena aurkeztu genuen (orain Gure Esku dena). Helburu argia genuen aurrean; bagenekien euskal herritarron erabakitzeko eskubidea egikarituz, gure etorkizun politikoa erabakitzearen alde lan egingo genuela. Hasteko, erronka handia jarri genien bai geure buruei baita euskal jendarteari ere: handik urtebetera giza kate erraldoia egingo genuela iragarri genuen. Argi oihukatu genituen gure hiru ardatzak: "Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da!".
Hamar urte igaro dira ordutik, eta lanean jarraitzen dugu. Horren erakusle da Gure Eskuk Frantziako Tourraren karira martxan jarritako Euskal Herria Mundura egitasmoa. Frantziako itzuliak duen nazioarteko oihartzuna baliatuko du Gure Eskuk, Euskal Herria Mundura izeneko ekimenarekin.
Erabakitze eskubidearen aldeko olatu handia sortu nahian, 2013ko azaroan bere ekitaldi nagusiaren aurkezpen ofiziala egin zuen Gure Eskuk Durangoko Kafe Antzokian: 2014ko ekainaren 8an Durango eta Iruñearen artean osatu behar zen Giza katea (123 km.). Mugarria izan zen ekimen hori, 150.000 lagun baino gehiago mobilizatu zituena.
2015eko ekainaren 21ean Gure Esku Dagok erabakitze eskubidearen aldeko ekitaldi jendetsuak antolatu zituen Euskal Herriko 5 hiriburutan: Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Baionan, eta estadioak bete zituen.
Hainbat herri kontsulta deialdiren ostean, 2018ko ekainaren 10ean giza kate bat osatzera deitu zuen Gure Esku Dago mugimenduak. Ordukoan, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuz bakarrik. Orduz geroztik lanean jarraitu du Gure Eskuk, helburu berarekin baina askotariko ekintzak eginez.
Urte hauetan guztietan Euskal Herri mailan ez ezik, herriz herri ere egin ditu ekimenak Gure Eskuk, eta ezin ahaztu Azpeitian egindako herri galdeketa, jendetza mobilizatu zuena. Ekainaren 5eko galdeketa egunean ez ezik, horren bueltan sortu zen giroa nabarmentzekoa izan zen: aurkezpenak, abestia, Euskal Herritik kanpo bizi diren azpeitiarren atxikimenak, kultur arloko jende ezagunaren ekarpenak...
Hamar urte bete dituen arren, bidea ez da amaitu, ordea, eta Gure Eskuk lanean jarraitzen du. Azpeitiko Gure Esku dagotik Euskal Herria Mundura egitasmoarekin jarraituko dugu lanean hilabete honetan zehar. Hain zuzen, ekaineko azken asteburuan postua jarriko dugu plazan, eta bertan eskuragarri izango dira ikurrinak nahiz ekimenaren gaineko informazioa. Azpeitiarrok ere asteburu horretan gabiltzan tokian gabiltzala Tourra ikusten, astindu ditzagula gure ikurrak munduaren aurrean.
Gure esku, hamar urte baino ez!