Egañazpi hil dela

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2006ko api. 22a, 17:04

Joxe Mari Urbieta ‘Egañazpi’ (Zestoa, Gipuzkoa, 1920) pandero jotzailea hil dela eta (urteetan jardun zuen Faustino Azpiazu ‘Sakabi’ trikitilariarekin), iritzi artikulu hau idatzi du gaur Joxe Mari Iriondo azpeitiar kazetariak ‘Berria’-n.

***

Egañazpi hil dela

Trikitizale elkarteko Agurtzane Aizpuruk hots egin zidan atzo, eta “Joxemari, jakin al duzu Egañazpi hil dela?” galdetu. Ez, artean ezer ez nekiela erantzun nion, azkenengo urte hauetan koplari paregabe haren pista galduta nuen-eta. Baina pena hartu nuen gogotik, eta gogoeta eta pentsamentu pila etorri burura bat-batean. Zorion bila zebilela esan zidan behin, eta zorion horixe izan dezan opa diot.

1962ko udaberrian ezagutu nuen Egañazpi. Sakabi eta Justo Goikoetxea Orkazarrerekin etorri eta Loiolako Herri irratian egin genuen lehenengo grabaketa. Oraindik ere belarrian daukat haren eztarriaren ederra: ‘Zure urtebetetzea’, ‘Ehiztarien gozamena’, ‘Aupa pelotariak’… Zortzi edo bederatzi saio grabatu genituen bata bestearen ondoren.

Handik aurrera, grabaketa gehiago egin genituen berriro Loiolan Sakabi eta Egañazpirekin. Eta irratian urtero antolatu ohi genuen Bertsolari Gazteen sariketak zirela-eta, 1962an Azpeitiko Zelaitxo antzokian eta 1969an Azkoitiko pilotalekuan egin genituen jaialdietan ere haietaz baliatu ginen jendaurreko jaialdiak osatu eta edertzeko. Bikote egokia zen, eta bakoitzak bere zeregina ongi zaintzen zekiten, nahiz eta gidaria Sakabi handia izaten zen.

Ez zuen garai bateko Joxe Oria edo Benito Osaren airea eta tesitura; baina koplari bete-betea zen. Besteak beste, 1970ean Donostian egin zen Trikitilarien Lehenengo txapelketan bikoterik onenaren saria ez ezik koplari onenarena ere eman zioten. Eztarri ederrekoa zen, batere behartu gabe gozo asko kantatzen zekiena. Berdin zitzaion hari lau kopla nahiz 24 kantatu, bere indarrak ondo neurtu eta behar bezala modulatzen zekien-eta. Eztarria nola zaintzen zuen galdetu nion behin, eta “panuelo xahar bat lepoan jarri eta horrelaxe”, erantzun zidan, sano asko.

Jendearen aurrean lehenengo saioa Zarauzko eztei-festa batean egin zuen, eta harrezkero Euskal Herri osoan ibili zen, panderoa jo eta kantatu. 1992ko Santa Lutzia egunean Zumarragan egin zuela azkenengo plaza esan zidan orain hamar bat urte berarekin topo eginda. Bere bizitzako bidea beste bide batzuetan aurkitu zuela eta oso zoriontsu zela aitortu zidan. Eta, ondo pentsatuta, zer hoberik behar du gizonak?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide