Jexux Arrizabalaga, ‘Balentxi’-z

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2006ko uzt. 22a, 17:07

Orain dela astebete hilda aurkitu zuten, Donostian, Jose Manuel Balentziaga ‘Balentxi’ donostiar apaiz ezaguna, eta atzo (ostirala) hari buruzko iritzi artikulua idatzi zuen Irutxuloko Hitza Donostiako euskarazko egunkarian —eta gaur ‘Gara’-n— Jexux Arrizabalaga azpeitiarrak (Donostian bizi da). Artikuluko pasarte batzuk:

“Askapen Teologia zer den galdetuko balidate, beste ezer baino lehen zure irudia etorriko litzaidake burura, eta horrela, zure eredua buruan izanik, oso ondo adierazi ahal izango nuke zen den.

Amnistiaren Aldeko mugimenduan hasieratik, Frankoren garaietatik ikusi zaitugu lanean, zeuk sortutako mariskada horrekin makina bat boleto saldu dizkiguzu zure auzokide izan garenoi. Hamaika manifestaziotan ikusi zaitugu, gainera, sarritan zeure kuttuna izan duzun Eliza 2000 aldizkaria motxilan hartuta harrapatzen zenituen guztiei saltzen.

Duela urte dexente beste batzuekin batera Drogak Eragindako Elkartea sortu zenuen. Zure apaiz izatea eta gainera DEEko sortzailea izatea aprobetxatuz, Martuteneko kartzelan sartzeko baimena zenuen. Gustura joaten zinen bisitak egitera, zure laguntza eskaintzera, baina, agintariekin inoiz ez zara ondo konpondu; hobeto esanda agintariak ez dira inoiz zurekin ondo konpondu, horregatik, baimena kendu zizuten duela hiru urte edo, oker ez banago. Alabaina, duela egun batzuk berriro eman zizuten espetxera sartzeko baimena, eta pozik zeunden.

Balentxi, eta zer esango dut zure euskara dela eta? Zuretzat euskara bizitza osorako ikasgaia izan dela. Nahikoa ondo moldatzen zinen. Gogoratzen al zara orain urte batzuk Kaiko elizan, uste dut, karmenetan, sermoia eman zenuenean esan zenidana? Poz-pozik zinen esan zenituenak esaten ari zinela batek edo bestek elizatik alde egin zutelako. Ulertu didate! Ulertu didate! Esaten zenuen pozik”.

Bihar (igandea) Balentxiren aldeko ekitaldia egingo dute, Donostiako kaian, 12:00etan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide