Estitxu Fernandezen paradisuak

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2006ko abe. 5a, 15:12

Estitxu Fernandez kazetariak Pirinioetara txangoa egin zuen aste bukaeran, bi azpeitiarrekin, eta asteburuko kronika egin du gaur 'Noticias de Gipuzkoa' egunkarian, asteroko iritzi artikuluan. Hona hemen gaurkoa (asteartea).

---

Paradisuak

Motxila hartu eta Pirinioetara. Horixe egin dugu pasa den astean. Astegun buru zuri batean Auñamendietara. Jende normala lanera doan egun horietan, bai, gu ez bertze jende normala. A ze mauka! Izaban ongi etorria egiten duen kartela ikusi orduko poza barrenean. Onki xin! Linzako aterpetxean poza bikoiztu egiten da horrelakoetan, bortz tipo baino ez. Eta gu hiru. Euskaldunak denak. Aterpetxea guretzat bakarrik eta batez ere, mendia guretzat bakarrik!

Beren borondatez desterraturiko bi azpeitiarrekin joan nintzen. Aizarnan bizi da bat; Beizaman bertzea. Hiru Erregeen Mahaian eseri ginen lehendabiziko egunean. Elurrik apenas dagoen oraindik eta egun erogarria atera zuen. Bizkaitar batzuekin egin genuen topo tontorrean. A ze ikusmira! Bailarara jaitsi eta dutxa beroa. Afalondotik gitarra, abestiak, garagardoa... Pirinioak bere horretan. Belaguatik Auñamendira hurrengo egunean. Han arimarik ere ez, izatekotan zilarrezko jauregiko Maitagarriren arima bakartia. Eta elur dezente. Hasierako urre kolorekiko lurra zuritzen hasi zen berehala. Kranpoirik gabe gaizki, e, Ander? Bi neskek egin genuen goiti. Eta ailegatu ginen. Polita bota zigun mutilak: "Euskal Herriko zeruan, ahal denik eta altuen, zuek bezalako bi neska txiki!". Hiru Erregeen Mahaia eta Auñamendi, ez da plan makala. "Odola jata zuri, gorri eta berde itzuliko gaitun!" hau Amaneren ateraldia. Eta itzuli behar, horixe txarra, paradisuan ezin betirako gelditu. Berriz ere Onki xin Izaban, baina bueltan ez da gauza bera.

Alta, maiz hori iruditu arren, paradisua ez da bat bakarra. Paradisuak baita infernuan ere! Larunbatean gertatutakoa konparazio. Euskalduna Jauregia lepo, emakumez lepo. Norberak topatu behar ditu bere paradisuak. Bertze bat Beizamako Ostatu zaharra izan liteke. Gazte jende jatorrak hartu du eta ederki ematen dute jaten. Igande pasa egiteko paraje autentikoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide