www.izaronews.com-en Pablo Iboak tarteka historiari buruz artikuluak
idazten ditu, eta orain dela gutxi Bernabe Orbegozo azpeitiarraz idatzi
zuen (argazkian, Orbegozo bera).
Hona hemen Iboaren artikuluko zati batzuk Orbegozoz (Uztarriak euskaratuta):
"1953ko urriaren 15ean izugarrizko uholdeak izan ziren gure herrian.
Gipuzkoan... ibaiek gainezka egin zuten, ... eta aurrena eta handiena
Iraetako drama izan zen, Zestoatik gertu: (Donostia) hiriburutik
Azpeitira doan autobusa blokeatuta geratu zen arratseko zazpietan, 30
lagunekin... Bi egunera, Getariako uretan Bernabe Orbegozoren gorpua azaldu zen; autobus hartako bidaiarietako bat zen.
Bernabe Orbegozo, 'Otarbe' ezizenez ezagutua, 'Tierra Vasca'-ko ohiko
kolaboratzailea izan zen (ANVko organua), eta alderdi horren hizlari
gisa nabarmendu zen. 1936an Gipuzkoako Gerra Komisariko kide izan zen,
eta euskal milizien zerbitzu lanen antolakuntzan garrantzi berezia
eduki zuen. Euskadiko Gobernua osatzean, Nekazaritza sailean jarri
zuten euskara itzultzaile.
Santoñan preso hartu zuten, eta heriotza zigorra ezarri. Gerora
indultatu egin zuten, urte batzuetara aske uzteko. Baina Erresistentzi
Batzordean parte hartu izanaz akusatuta, berriro atxilotu zuten.
Polizia Armatuak Gobernu Zibileko ziegatara zeramala, ihes egitea lortu
zuen Orbegozok.
Madrilen ezkutuan bizi izan zen, baina dinamika handia zeukan, eta
Poliziak berriro haren pista izan zuen. Orbegozok Frantziara ihes
egitea erdietsi zuen, handik Caracasera joan zen, eta urte batzuetara
Azpeitira itzuli beharrean izan zen, azken urteetako gaixotasun bat
zela medio.
(1953ko urriaren 15ean) Orbegozo Donostiara joan zen, euskal
erresistentzian parte hartzeaz akusatuta irekita zegoen kasuan
deklaratzera. Azpeitira autobusean itzultzean, Iraetan uholdeak
harrapatu zuen, eta horrela hil zen beste bidaiariekin batera".