San Inazioren bidea Iruñetik Loiolara

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2007ko mai. 18a, 19:05

Antonio Zabalak joan den apirilaren 5ean El Diario Vasco egunkarian idatzi zuena da beheko artikulua. San Inazioz aritu zen, 1521eko maiatzaren 20an zauritu zutenean Iruñetik Loiolara nondik ekarri zuten kontatuz.

---

San Inazioren bidea Iruñetik Loiolara

Edozeiñek dakienez, San Inazio Iruñen zauritu zuten. Eguna, 1521-ko maiatzaren 20-a zan. Erasoa jo zutenak, naparrak eta frantzesak, erreinu zaarraren iriburua Gaztelaren mendetik ateratzearren. Nai zutena lortu zuten, ez denbora askorako baiña. San Inazio, berriz, andik Loiolara ekarria izan izan.

Nondik, ordea? Zein bidetatik? Orixe zan zenbait istorialari kezkatzen zituen galdera. Baiña nork bere ustea zuen. Zenbat buru, ainbat aburu, alegia.

Aita Jose Maria Rekondo zanak ere, gai ori liburu eta paper zaarretan aztertu ondoren, bazuen berea. Baiña berak uste zituen bideak zanpatu nai zituen. Lagunduko ote nion galdetu zidan. Nik baietz; pozez gaiñera. Ala, 1955-eko abuztuaren bukaeran Arantzazura joan giñan. Nik orduan ezagutu nituen aita Villasante, Lasa, Alustiza...

Arratsalde batean, Urbia alderik alde pasa eta San Adriango tunelaraiño joan giñan.

Beste batean, Gezaltzara jetxi giñan. An iru laguneko taldetxoa osatu genuen: Oñatiko Iñaki Zumalde, gidari egiten zuena alegia, Rekondo eta irurok. Ederki berotu giñan. Artia izeneko baserrira igo eta angoekin itz aspertu bat egin genuen. Bertako amonak onela esan zigun:

“Gaztia nintzala, neure aitajaunari entzun neutsan San Inazio zelan deskantsau eban emen gabaz eta gaxo ebillela. Zatorren goitik bera eta juan zan Oñatira. Aita-jaunak esaten eban gaizki euela, baña egon zala emen deskantsauten, eta emengo eiziak ondo egin eutsola. Gabe bat iñ eben bakarrik”.

Andik laster ustuko zan baserri ori. Goraxeago, Katillu-iturri izenekoa aurkitu genuen. Trago batzuk gustora egin eta segi gora, goiko leporaiño. Andik Arabako lautada bistaratu genuen. Garia bilduta zegoen, baiña soroak urre-kolorekoak zeuden artean. Atzean, berriz, Urbasa eta Entziako pagadi illunak.

Urrengo urtean, 1956-an, idazlan luze bat atera zuen Rekondok Razón y Fe aldizkarian: Itinerario de Iñigo de Loyola herido. Pamplona-Loyola, 1521. San Inaziok bide au egingo zuela: Iruñe, Sakana, Abarzuza, Amezkoa, Artia, Oñati, Antzuola, Elosua eta Loiola. Ibillaldi luzea, beraz, itzuli aundia ematen zuenez. Baiña ez omen zegoen besterik egiterik, biderik zuzenenak naparrek eta frantzesek artuta zeuden eta.

Baiña 1960-ean-edo, Iruñeko artxibo batean ari zala, agiri bat aurkitu zuen Rekondok: Esteban Zuasti izeneko baten aurkako auzia. Esteban ori, Iruñe ondoko Zuasti jauregikoa zan, eta Xabierko gazteluko seme-alabak, senideetan gazteena urteekin San Frantzisko izango zana zalarik, leengusu propioak zituen. Onen aita, Joan de Jaso, eta Esteban orren ama, Maria de Jaso, anai-arrebak.

Esteban orri kargu zorrotzak leporatzen zizkioten: bere leengusu Balentin eta Joanekin -San Frantziskoren anaiak auek- azpilanean jarduna zala frantzesen alde; auen etorreraz asko poztu zala; traidore bat zala...

Zuastiko zaldunaren erantzuna: frantzesak etortzekoak zirala etzuela jakin, auek Iruñeko iriaz jabetu ziran arte. Bitartean, bera Gaztelan zala, ango komuneroen aurka, eta Becerril errian zauritua izan zala. Iruñera etorri eta etzala frantzesekin bildu. Ain gutxi, berriz, aien etorreraz poztu, ondoezik zala eta. Frantzesek, berriz, iñor aurpegi alaiez ikusten bazuten, kargua artzen ziotela, eta nai eta nai ez irripar egin bear zala.

Ondoren, gobernadoreak zera agindu ziola. Iruña inguruan jendea biltzea. Irureun bat gizon bereganatu zituela; bai Altsasuraiño joan eta an bi egun pasa ere. Baiña, etzietela mutillei sosik pagatzen, zurrumurrua zabaldu zala probintzianoak, gipuzkoarrak alegia, aurka zetozela, eta orduan danak sakabanatu egin zirala. Ondoren Etxarri-Aranatz, Oskiate eta abarretan ibili zala.

Noaingo burrukaldian -naparrek eta frantzesek antxe galdu zuten gerra- etzala gertatu, Iruñen zalako. Bere leengusu Balentin eta Juan, San Frantzisko izango zanaren anaiak, etzituela geroztik ikusi. Are geiago: Andueza eta Berastegiko jaunei lagundu egin ziela, naiz eta etsaiak izan.

Loiolako nagusia ere, Martin izenez eta Iñigoren anai zaarrena, Zuastiko etxe ondoraiño etorri zala, berrogei ta amar bat gizonekin; eta berak lagundu ziela, bear zutena emanez eta beren lurreraiño lagunduz.

Orain datorrena, berriz, oso ustegabekoa da eta itzez itz aldatuko degu onera:

“E así bien a un hermano del Señor de Loyola, el cual fue herido en esta fortaleza, le tomé en unas andas, a él y a otros ocho compañeros que se me encomendaron les acompañé y los llevé a Larraun hasta les poner en salvo”.

San Inazio Iruñetik Loiolara berak eramana zala, alegia, eta Larraundik barrena eramana ere. Bide zuzenenetik, alegia: Irurtzunetik barrena Lekunberrira...

Emendik nundik joko zuten ez dago ain garbi. Erdi Aroko bide zaarretatik joatezkeroz, Berastegitik barrena artuko zuten, Beotibarko garaian bezela. Baiña orduan naparreak Tolosa artu nai zuten. Iñigoren eramaleak ere onera etorri zitezkean, gero Bidanitik Loiolara joateko. Beste bide bat egin zezaketen, ordea: Betelu edo Araizko aranera jetxi, Legorreta edo Ikaztegietara atera eta Murumendi ondotik segi Loiola aldera.

Esteban Zuastiko ori errurik gabetzat eman zuten, eta libre utzi: “que debe ser dado por quito y libre el dicho Esteban de Zuasti en el presente proceso acusado”. Loiolako Martin eta Iñigori lagundu izana mesederako izango zuen.

Esteban Zuastiko orrek zortzi lagun izan omen zituen Iruñetik Loiolarako bidean. Bai, noski. Aldiko lau lagun angarillari eutsiko zioten, eta gero alkarrekin txandatu.

Urteak aurrera eta Balentin eta Joan, Frantziskoren anaiak, pakean biziko ziran, bat Xabierren eta bestea Obanosen. Zuastiko beren leengusu Estebanekin, berriz, zer gertatuko zan ez dakigu. Baiña urte mordoa arrapatu baldin bazuen, bere belarrietaraiño ere iritxiko zan Iñigo ura, berak Iruñetik Loiolaraiño eraman zuen zaldun txikitxo ura, mundu guzira zabaltzen ari zan erlijioso-talde berri bat fundatua zala. Xabierko anai gazteena, berriz, Frantzisko, India, Japon eta munduko lurralderik urrutienetan fedea zabaltzen ari zala. Nork esan bear zion, 1522-an, Iruñetik Loiolarako bidean zala, orrelakorik gertatu bear zanik?

Baiña bizitzaren bideak asma-eziñak dira. Goierriko aiton batek esaten zuena: “Zaarrez iltzera, ez dakigu zer ikusteko gauden”. Zuastiko Esteban ere, zaarrez il bazan, berdin esango zuen.

Azkenik, Zuastiko jauregira nondik joaten dan? Donostiatik Iruñera autobideaz goazela, peajea pagatzen dan tokitik egoaldera, oso gertu dago. Baiña leengo kamio zaarrera atera bear da, gero eskubira beste kamio estu bat artzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide