Ospa egin zalea

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2007ko abe. 2a, 15:12

Xabier Lasak, irratiaz Berria-n egin ohi duen iritzi artikuluan, Ramon Etxezarreta Euskadi Irratiko solaskideaz jardun du gaur (igandea):

---

Ospa egin zalea

Azalpenen zain: Ramon Etxezarretak azalpen publikoa zor digu Euskadi Irratiari, ostiral goizeko bere solaskideei (Onintza Lasa, Pernando Barrena eta Luken Uribetxeberria), eta entzuleoi batik bat. Patxadan, inongo deskalifikazio itsusirik egin gabe ari zirela, kasketa haize bat harrapatu nonbait, eta ospa egin zuen estudioetatik; eta inori deusik esan ez! Manu Etxezortu gidaria aldegitearen ustezko arrazoia adierazten ahalegindu zen: Etxezarretak ezin eraman du EAJko ordezkariak, edo beste edonork, sozialisten eginak berari lepora diezaion. Aurreko saioren batean ere antzeko ezinegona adierazia zuen. Gauzak horrela, desagertuak azalpenik emateko zain geratzen gara adi-adi.

Kokapen arazoa: Egia da bizpahiru aldiz egin izan diola errieta Etxezarretak Uribetxeberriari: "Ez ni sartu Espainiako sozialisten zakuan, erabaki hau eta beste hartu dituelako". Gogoeta interesgarria planteatzen digu Etxezarretak. Ordezkari politikoen mahai- inguru batean noren edo zeren erantzule ote den parte-hartzailea, alegia: bere alderdi politikoaren jardunaz, ala soilik daukan kargutik hartzen dituen erabakietaz. Irudipena dut Etxezarretak baduela arazotxoren bat: bere burua eta alderdia, biak non kokatu ezin jakin. Oso polita da norberaren iritzi askatasuna, gaitasun intelektuala... aldarrikatu eta horren arabera jokatu nahi izatea. Baina alderdietan sostengatutako sistema politikoa onartu eta sigla politiko baten azpian kargu publikoa -eta boterea eta soldata- hartzen den unetik, ulertzen dugu, de facto, ontzat hartzen direla erantzunkizun jakin batzuk. Horietako bat, norberaren alderdia mahai-inguru politikoetan ordezkatzea eta bere jarrerak esplikatzea, gustuko izan edo ez politika ofiziala gai jakin batzuetan. Koherentzia hori behintzat eskatzen diegu entzuleok solaskide politikoei.

Hutsa bete, arren: Betor Etxezarreta nahiz beste alderdikideren bat. Euskarazko irrati publikoan ere ordezkari sozialisten ahotsa entzun nahi dugu; iritzi anitzeko eztabaida politikoak maite ditugulako. Sozialismoaren tesiak defendatzeko lotsarik ez duen solaskidea nahiko genuke, baina ikusita 30 urteko demokrazian euskal sozialismoak etxean ia ez duela euskal hiztunik sortu, Urrestilakoa beharko du izan itzultzen dena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide