Esaldi enblematiko hura

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2008ko abe. 11a, 14:12

Jesus Altuna (Berastegi, 1932) arkeologoari elkarrizketa egin diote Berria-ren Igandea gehigarrian eta, besteak beste, Ekain kobazuloaren aurkikuntzaz galdetu diote (Andoni Albizuri eta Rafael Rezabal azpeitiarrek topatu zuten, 1969an).

1969an aurkitu zenuten Ekain. Nola gogoratzen duzu margoak ikusi zenituen lehen aldi hura?

Jesus Altuna. Azpeitiar gazte bi, Andoni Albizuri eta Rafael Rezabal, gurekin elkartuta aritzen ziren kobazuloak arakatzen gizakien aztarnen bila. Asmo horrekin joan ziren igande batean Sastarrain bailarara, Zestoara. Sastarrain baserriko etxekoandreari galdetu zioten kobazulorik ezagutzen ote zuen: "Gure ardiak han atzeko txiki batean sartu ohi dira", esan zien Ekain muinoaren azpiko kobari buruz. Hamahiru bat metroko koba txiki bat zen. Andoni lurra harrotzen hasi zen bitartean, Rafael ohartu zen zulo batetik haize hotza zetorrela. "Andoni, hemen zulo bat zegok!", esaldi enblematikoa ordukoa da. Zulo txiki batetik ezin zen etorri haize hotza; horrek esan nahi zuen atzean galeria handi bat zegoela. Han aurkitu zituzten irudiak.

Egun hartan bertan eman ziguten aurkikuntzaren berri. Asteartean, Vespa motoa hartu eta Donostiatik Ataunera joan nintzen, Barandiaranen bila. On Joxe Miel atzean hartu eta Mandubitik barrena Zestoara joan ginen. Bi gazteekin sartu ginen Ekainera. Ikusi genuenean egundoko aurkikuntza zela, egiazkoak zirela, isilik gorde genuen. Diputazioari esan genion garrantzi handiko koba zela eta ate bat jarri behar zitzaiola. Ez genien esan zer zegoen barruan. Burdinazko atea ostegunean jada jarrita zegoen. Orduan esan genion prentsari.

Zoragarria izan zen lehen bisita hura. Gu han barrunbe haietan gure linterna txikiekin zaldi multzo hura ikustea handia izan zen. On Joxe Mieli ere asko gustatu zitzaion. Oso hotza zen bera, baina, hala ere, nabari zitzaion bere bizitzan egin zuen aurkikuntza garrantzitsuenaren aurrean zegoela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide