Zeinek egina da 'Galerianoaren kantuak' bertso sorta ezaguna?

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2009ko urt. 10a, 14:01

Urtarrilaren 7an irakur zitekeen Berria-n egun hartako efemerideetan: “1782. Martin Larralde Bordaxuri bertsolaria jaio zen, Hazparnen (Lapurdi). Atxilotu eta lan bortitzak egitera kondenatu zuten, eta orduan idatzi zuen Galerianoaren kantuak bertso sorta hunkigarria” (Azpeitia eta Hazparne senidetuta daude 1980ko hamarkadatik).

Hona hemen Galerianoaren kantuak bertso sorta (berezko testua; Pantxoa eta Peiok abesten dute, kasu):

1. Mila zortzi ehun'ta hamabortz garrena
Ni Ahazparnen preso hartu nindutena;
Plumagaineko premu orok dakitena,
Galeretan higatu beharko naizena.

2. Kantatzera nihazu alegera gabe,
Ez baitut probetchurik trichtaturik ere;
Nehun deusik ebatsi. gizonik hil gabe,
Sekulakotz galerak enetako dire.

3. Ala zorigaitzeko premu izaitea!
Harrek eman baiteraut bethikotz kaltea;
Aitari galdeginik sortzeko partea,
Galeretan eman nau, hauche duk dotea!

4. Ene aita da gizon kontsideratua,
Semia galeretan du segurtatua;
Nun nahi othoitzean belaunikatua,
Saindu iduri debru madarikatua!

5. Ene lehen kusia, Cadet, Bordachuri,
Fagore bat banuke galdatzeko zuri;
Ongi adreza zaite ene arrebari,
Ene saltzeko zombat ukan duen sari?

6. Aita aitzinean'ta arreba ondoko,
Osaba burjes hori diru fornitzeko;
Ez, ordian enetzat bi sei liberako,
Galeretan bederen leher egiteko!

7. Elizan sartzen dire debozionerekin,
Iduriz badohazila saindu guziekin;
Beren liburu eta arrosarioekin,
Debruak pesta onik einen du heiekin.

8. Zortzigarren bertsua aneiaren dako;
Kontseilu bat banikek hiri emaiteko;
Ontsa goberna hadi, etzauk dolutuko,
Ni baitan etsenplua errech duk hartzeko.

9. Zuri mintzo nitzaizu, oi, aita zilarra!
Ardura dudalarik begian nigarra;
Zure eta ene arraza Bordachuritarra,
Galeretan naizeno ni bainaiz bakarra.

10. Kantu hauk eman ditut Paube-ko hirian,
Burdinez kargaturik, oi! presondegian;
Bai eta kopiatu denbora berian,
Orok kanta ditzaten Hasparne herrian.

11. Hok eman izan ditut, ez changrinatzeko;
Ahide, adichkidek, kuraie hartzeko,
Eta portikulazki. aita, zuretako,
Kantu hok aditzean semiaz orhoitzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide