Donostiatik Kaliforniara

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2009ko abe. 3a, 18:12

Xabier Euzkitzek igandean Noticias de Gipuzkoa egunkarian:

Donostiatik Kaliforniara

Kaliforniako Chino herrian bada trinkete eder bat, Jabier Apezetx garaztarrak eraikia. Donibane Garaziko Garat trinkete zaharraren planoekin eginarazi zuen. 1982ko apirilaren 17an, Mike Bidartek eskuz ziharduen, beste hiru lagunekin batera. Bat-batean, pilota batek ihes egin eta Ziprien Duhart adiskidea, Makeako semea, jo zuen burmuinetan. Ziplo erori zen lurrera. Berehala ohartu ziren kontu larria zela. Ileak zut, begiak zuri…han ez zen atarramentu onik. Anbulantzia noiz helduko zain ziren bitartean, Ziprienek piztualditxo bat izan zuen eta, lagunak ohartzerako, zutitu egin zen. Mike hain arranguraturik ikusi zuenean, hura kontsolatu nahirik, kantari hasi zen eria. Kanta bukatzerako, gaizkitu eta bigarren aldiz erori zen. Ospitalera eraman zutenean, berehala ebakuntza egin beharra zegoela ikusi zuten. Buruan zuen odolbildua kendu zioten, baina koman geratu zen Ziprien. Medikuek ez zieten inongo esperantzarik ematen. Koman 27 egun zeramatzala, ospitaletik dei bat jaso zuen Mike-ek: "piztu da zure laguna!" Ziztu batean joan zen haraino. Gelako atea ireki bezain laster, "agur, Mike!" esan eta berriz ere kantuz hasi zen Ziprien. Hainbat gauzatan berriz hutsetik hasi behar izan zuen, baina emeki-emeki ia guztiz osatu zen.

Orain 10 bat urte, istorio latz hau bertsotan jartzeko eskatu zidan Mike-ek. Hala egin nuen. Ziprienen etxean bazkaltzeko gonbita genuen. Bazkalondoan, bi ahotsetan kantatu genizkion bertsook. Kattalin emaztea, alabak, suhiak, gu geu…denok nigarrez amaitu genuen. Denok…Ziprienek izan ezik.

Lehengo asteartean musika emanaldi bat izan genuen Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean Joxan Goikoetxea musikariak eta biok. Emanaldia internet bidez eskaintzen zutenez, Mike, Zirpien eta beste adiskide batzuek Kaliforniatik ikusi eta entzun ahal izan zuten, Ziprinenen bertsoak barne. Teknologia hotza dela esan ohi dugu, baina batzuetan jendea hurbildu eta zirrara galantak sortzeko ere balio izaten du. Zorionez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide