Abenduak 17. Herriaren historia jasotzeko Udalaren ekimenez
eta aginduz tajutu den liburu-bildumaren aurkezpena, udaletxeko Pleno
aretoan. Eta "Azpeitiako" gora eta "Azpeitiako" behera. Abenduak 21, San Tomas eguna. Dantza sueltoko txapelketa Sanagustinen. "Azpeitiako bikotea" hemendik, "Azpeitiatik datoz" handik.
Ez da aurreneko aldia, eta azkena izateko itxurarik ere ez zaio hartzen. Webgune honetan bertan behin eta berriz aipatutakoa da, Azpeitia izena deklinatzerakoan han eta hemen eta sarriegi egiten diren hanka-sartzeak. Eta han egitea, tira; baina hemen, eta ekitaldi publiko eta jendetsuetan egiten direnean, eta Azpeitiko jendea tartean dela... belarriko mina ematen du.
Azpeitia zuzen nola deklinatu behar den zalantzak dituenak, beti izango du eskura Aitor Arrutik eta Arantzazu Azpillagak Uztarria herri aldizkarirako 2000. urtean idatzi zutena:
----
Azpeitiko Azpeitian (2000ko ekaina)
Euskaraz hitzak erabiltzerakoan hainbat zalantza eta buruhauste izan ohi dugu. Euskara idatzian batik bat, askotan ez dugu asmatzen egokia zein den eta zein ez.
Burukomina sortzen digun hitz horietakoa da gure herriaren izena bera ere. Horrexegatik, inoiz ez dugu jakiten ziur Azpeitiako edo AZPEITIKO alde zaharrean ibili garen, Azpeitiatik edo AZPEITITIK irten garen, Azpeitiara edo AZPEITIRA etorri garen... Aldiz, guztiok dakigu MENDIKO haizeak, MENDIRA joateak eta MENDITIK etorritakoan dutxa hartzeak on egiten digutela.
Zer? Mendia zergatik aipatu dugun? Ez da izan Xoxoteko eguna pasa berria delako, ez horixe; MENDIA eta AZPEITIA hitzak berdin deklinatzen direlako baizik. Hau da, batek bukaerako -a galtzen duen kasu beraietan galtzen duelako besteak ere. AZPEITIKO alde zaharrean poteatzen ibiltzen gara gu, oporretan AZPEITITIK irteten gara eta berriro ere AZPEITIRA itzultzen.
Mendi artean bizi garenez, MENDIA eta AZPEITIA hitzak ezkon ditzagun, eta zalantza bat gutxiago izango dugu.