Zapatuan egingo dute Bertso Egunaren 50. edizioa, Barañainen (Nafarroa). Urrezko ezteiak beteko ditu, beraz, egun horrek larunbatean; izan ere, lehen edizioa, beste formatu batean baina Donostiako Astoria antzokian egin zuten, 1968. urtean. Donostiako Kultur eta Turismo Ekintzetxeak antolatu zuen saioa, eta garai hartako bertsolaririk onenetakoak aritu ziren kantuan, tartean bi azpeitiar: Joxe Agirre eta Joxe Lizaso. Haiekin aritu ziren bertsotan Fernando Aire Xalbador, Migel Arozamena, Jon Azpillaga, Jose Migel Iztueta Lazkao Txiki, Jon Lopategi, Manuel Matxain, Jose Joakin Mitxelena eta Manuel Olaizola Uztapide. Arrakastatsua izan zen saio hura, eta hurrengo urtean ere antolatzea erabaki zuten.
Aldaketak aldaketa, 50. edizioraino iritsi da Bertso Eguna. 1987an Bertsolari Elkartea sortu zuten, eta elkarte horrek hartu zuen bere gain egunaren antolaketa. Bertsolariren bat omentzeko ohitura zuten ordurako, eta horretan segitu zuten 1995era arte. Gainera, Bertsolari Elkarteak Bertsozale Elkartea izena hartu zuen urte hartan, eta ordura arte Bertsolari Eguna zena Bertso Eguna bilakatu zen. 2001era arte Donostiako Astorian, Karmelo Balda pilotalekuan, Anoeta pilotalekuan eta Viktoria Eugenian izan ziren bertsolari eta bertso egunak, eta, urte horretan, Kursaalera eraman zuten egitasmoa. 2017an ez zuten Bertso Egunik egin, Bertsozale Elkarteak aurrerantzean Euskal Herri osoan eragin nahi zuela erabaki zuelako. Urtebeteko etenaren ostean, Mungian (Bizkaia) egin zuten iazko Bertso Eguna, eta aurtengoa Barañainen izango da.
Lehen edizioan bi azpeitiar bertsolarik abestu bazuten ere, 50.ean ez da herriko bertsolaririk ariko kantuan antolatu dituzte saioetan. Dena den, tarteko edizioetan hainbat azpeitiarrek parte hartu izan dute, hala nola Imanol Lazkanok, Xebastian Lizasok, Laxaro Azkunek, Jokin Urangak, Leire Ostolazak eta abarrek.
Berriak erreportajea egin du Bertsolari Egunaren bilakaerarekin, eta honako lotura honetan irakur daiteke.