Sebastian Lizasoren pasadizoak eta gogoetak, "Egañaren belaunaldiko" bertsolarien eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2021ko api. 28a, 11:33

Lizaso akuarela lan batean. (Mari Kruz Etxeberria)

Bertsolari aldizkariak Egañaren belaunaldia deitu dio kaleratu duen azken zenbakiari, eta garai eta giro bati lotutako hainbat pasadizo bildu dituzte aldizkariko lerroetan eta orrietan. Izan ere, Bertsolariko kideen arabera, belaunaldi horrek "lurrikara txiki bat" sortu zuen bertsolaritzaren historian. Egañaren belaunaldi deiturikoari lotuta, hainbat bertsolarirekin hitz egin dute, hala nola Mikel Mendizabalekin, Iñaki Muruarekin, Millan Telleriarekin, Anjel Mari Peñagarikanorekin, Juan Jose Eizmendi Loidisaletxerekin, Jokin Solozabalekin, Xabier Euzkitzerekin eta Sebastian Lizasorekin.

Hamar bertsolari horiek beste kideei buruzko gertakariak, pasadizoak, oroitzapenak eta gogoetak eskatu dizkio Bertsolari aldizkariak, eta gaur sareratu dituzte gainerako bertsolariek Lizasoz esandakoak. Hona hemen Euzkitzek eta Loidisaletxek Lizasoz kontatutakoak:

Euzkitze: "Plazak utziz geroztik, leku bakarrean kantatu izan dut finko samar: Zumaiako Artadin. 2016ko San Migel egunez sanmigeldar kuadrilla bat agertu zen, gazte-gaztetatik bertso munduan ezagutu izan ditudan anaia eskoriatzarrak, andre, alaba eta guzti. Han zer ote zebiltzan galdeturik, erantzunak harrituta utzi ninduen: 'Heu fitxatzera etorri gaituk. 25 urte dituk hik azkena Apotzaga auzoan kantatu huela, eta hurrengo bertso-afarian hi nahi haugu. Heuk aukeratu eguna eta bertsolaguna'. Ilusioa egin zidan, handia. Bertan zehaztu genuen eguna. Lagunarekin zalantzarik ez nuen: 'Sebastianekin nahi diat'. Lizasok asko esaten du, baina beti uzten du bidea. Luzaroan aritu gabe dagoen norbaitentzat ez dago lagun aproposagorik. Giroaren goxotan eta Sebastianen abaroan, erraz eta gustura aritu nintzen. 25 urteko etenik izan ez balitz bezala".

Loidisaletxek: "Behin Lizasorekin geundela norbaitek telefonoz deitu zion, bertso saioren baterako izango zela pentsatzen dut, ematen zituen erantzunengatik esaten dut hori.

— Nik ez, horrelako lekutan kantatu behar diat –erantzun zion, eta Egañagatik galdetu izango zion. Egaña ere berarekin zela erantzun baitzion–.

Libre zein egongo ote zen galdetuko zion telefonoaren bestaldean zegoenak, horrela jarraitu baitzuen Sebastianek:

— Murua, horrelakorekin, halako lekutan dek. Bestea, halako lekutan —eta horrela eman zion errepasoa bertsolari plantilla osoari. Dozena bat bertsolariren agendaren berri bazekien. Sebastianen eskuetatik zenbat bertso saio etorri zaigun besteoi, inork ere ez daki. Orain, mugikorren kontuarekin, telefono zerrenda ere pixka bat borratuta edukiko du, baina lehen ikaragarria zen. Behin baino gehiagotan gertatu zait norbaitek nire telefono zenbakia eskatu eta hark nik baino lehenago ematea".

Honako lotura honetan irakur daitezke bederatzi bertsolarik Lizasoz kontatutako pasadizo eta kontakizun guztiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide