Zentro eskuinak irabazi ditu Hazparne barne dagoen Baigura eta Mondarrain kantonamenduko bozak

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2021ko eka. 28a, 12:48

Baigura eta Mondarrain kantonamenduko bozen emaitzak. (Berria.eus)

Forces 64 alderdiko Jean Pierre Harriet eta Isabelle Pargade izan dira boto gehien jaso dituzte hautetsiak; botoen %61,7 jaso dute bi horiek bigarren itzulian. EH Bai izan da bigarren indarra, eta botoen %38,7 eskuratu dute Txomin Hiriart-Urrutik eta Magali Lartiguek.

Ipar Euskal Herriko Departamenduetako bozen bigarren itzulia izan zen atzo, igandea, eta Azpeitiarekin senidetuta dagoen Hazparne (Lapurdi) herria barne dagoen Baigura eta Mondarrain kantonamenduan, Forces 64 alderdiko —zentro eskuina— Jean Pierre Harriet eta Isabelle Pargade izan dira boto gehien jaso dituzten hautagaiak. Hain zuzen ere, Forces 64 eta EH Bai alderdiak lehiatu dira kantonamendu horretako bigarren itzulian, eta lehenak 3.860 boto (%61,7) lortu ditu; EH Baiko Txomin Hiriart-Urrutik eta Magali Lartiguek, berriz, 2.426 boto (%38,7) eskuratu dituzte —parte-hartzea %35,24koa izan da bigarren itzulian—. Beraz, Harriet eta Pargade izango dira datozen sei urteetan departamenduko kontseilari.

Baigura eta Mondarrain kantonamendua hamar herrik osatzen dute guztira, eta herriz herriko datuak aintzat hartuta, Hazparnen bertan ere Forces 64 aliantza izan da boz gehien jaso dituena. Hain zuzen ere, Jean Pierre Harrietek eta Isabelle Pargadek 1.602 boto jaso dituzte (%70,2), eta EH Baiko Txomin Hiriart-Urrutik eta Magali Lartiguek 680 (%29,8). Berria egunkariaren honako lotura honetan ikus daitezke kantonamendu osoko nahiz herriz herriko emaitzak, osorik.

2015. urtean Eskuineko Batasuna eta UDI taldeak izan ziren Baigura eta Mondarrain kantonamenduan bigarren itzulira igaro ziren alderdiak, eta Hazparnen, Eskuineko Batasuneko Frantxa Etxeberri-Cachau eta Beñat Intxauspe izan ziren boto gehien jaso zituzten hautetsiak: 1.981 boto (%66,4).

Azpeitiak eta Hazparnek 1983an hasi zituzten senidetzarako harremanak, Imanol Elias alkate zela. 1986an sinatu zuten akordioa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide