Ane Aranburu: "Naturaren araberako oreka lortu nahi dugu"

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2025ko uzt. 21a, 11:57

Ane Aranburu abeltzaina. (Ataria)

GazteNek programaren bidez, laguntza ekonomikoa eta aholkularitza jasoko duten nekazarietako bat da Ane Aranburu azpeitiarra. Aizarnan aritzen da lanean, Ertxin Eko proiektuan. Haren testigantza jaso du Gipuzkoako Hitzak, beste hainbat nekazarirenarekin batera.

GazteNek programaren bitartez, Gipuzkoako hemeretzi gazte nekazarik laguntza ekonomikoa eta aholkularitza jasoko dituzte. Horietako bat da Ane Aranburu, Zestoako Aizarna auzoan jarduten duen abeltzain azpeitiarra. Gipuzkoako Hitzak haren testigantza jaso du erreportaje batean, eta Azpeitia Gukak hona ekarri du.

Orain 11 urte, Ane Aranburuk (Azpeitia, 1989) abeltzaintza proiektu bat abiatu zuen bikotekidearekin, Zestoako Aizarna auzoan. Bikotekideak orduan eman zuen izena GazteNek programan, proiektu hasiberriari bultzada emateko. Hala, oiloekin hasi, eta arrautza ekologikoak saltzen aritu dira geroztik; hortik sortu zen Ertxin Eko. Dena den, orain arte Aranburuk oilategian ez ezik, etxetik kanpo ere egin du lan, eta kanpoko lana uzteko "trantsizio fasean" dago. Hala, GazteNek programan eman du izena, negozioa "indartu eta eraldatzeko".

Arrautzen merkatua egonkortuta, bikoteak produkzioa dibertsifikatzeko hautua egin zuen duela urte batzuk. "Arrautzekin batera beste zerbait eskaini nahi genuen. Horretarako, lursail batzuk eskuratu, eta inguruko teknikariei aholkularitza eskatu genien", esan du Aranburuk, eta aitortu du Biolur elkarteak asko lagundu diela prozesu horretan. Hala, fruitu txikiak ekoiztea erabaki zuten; oraingoz, ahabiak, eta, aurrerantzean, mugurdiak ere bai. Lurra lantzen dabiltza orain, eta aurreikusi dute fruituak hiru urte barru jasoko dituztela. Aranburuk ziurtatu du arrautzen gisara fruituak ere ekologikoak izango direla.

"GazteNek programak, hein batean, inbertsioa egiten laguntzen du. Halere, zeure gain hartzen duzu inbertsioa egiteak dakarren arriskua"

Gainera, mendiko behorrak eta ahuntzak ere badituzte, eta, Aranburuk esan duenez, GazteNek programari esker inbertsioa egin ahal izan dute: handitu egin dute behorren taldea, eta lepoko birtualak jarri dizkiete ahuntzei. "GazteNek programak, hein batean, inbertsioa egiten laguntzen du. Halere, zeure gain hartzen duzu inbertsioa egiteak dakarren arriskua", aitortu du Aranburuk. Bikoteak nekazaritza birsortzailean oinarritu nahi du bere jarduera, abereen ongizatea bermatzeko eta naturaren orekari eusteko: "Ditugun lursailetan, naturaren araberako oreka lortu nahi dugu, animalien laguntzarekin".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide