"Egoerak okerrera egingo du, eta bereziki larria izango da aurrez txiroak diren herrialdeetan"

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2022ko api. 28a, 10:45

Asier Blasek hitzaldi mamitsua eskaini zuen atzo arratsaldean Sanagustinen, Elkar-ekinek antolaturik.

Jakin-mina pizten du Ukrainan gertatzen ari denak, eta horren erakusle izan zen atzoko hitzaldira bertaratutako herritar kopurua. Asier Blasek eskerrak emanez hasi zuen hitzaldia: "Eskertzekoa da, egunerokoan komunikabideetatik entzuten dugunaz gain, bestelako ikuspegi bat jasotzeko interesa izatea herritarrek. Gerrari beste begirada bat ematen saiatuko naiz". Bi ordu baino gehiago iraun zuten haren azalpenek, eta sakon aztertu zituen gerraren jatorriak eta ondorioak.

Ezer baino lehen, Errusia egiten ari den inbasioa deitoratu nahi izan zuen, argi eta garbi. Herrialde oso bat horrela jazartzea ezin dela justifikatu esan zuen, eta "gerrarik ez" ideiaren garrantzia azpimarratu zuen.  Gerra Europan izaten ari den ondorioetako batzuk aipatu zituen hitzaldiaren lehen partean. Besteak beste, errefuxiatuen gaia jarri zuen mahai gainean, eta azaleratzen ari den hipokresia salatu zuen. Blasen arabera, errefuxiatu guztiek dute eskubidea duintasunez bizitzeko, bai ukrainarrek, bai siriarrek, bai afganiarrek eta bai beste guztiek. Europako estatuak eta komunikabideak erakusten ari diren "faltsukeria" salatu zuen, pertsonak maila ezberdinetan sailkatzen ari direlako. Gerra adierazpen askatasunean izaten ari den eraginaz ere hitz egin zuen, eta gogoan izan zuen Pablo Gonzalez lagun kazetariaren egoera, zeina preso aurkitzen den Polonian.

Gerraren arrazoiei dagokienez, maila ezberdinetan jarri zuen begirada. Ukrainaren barnean azken urteetan eman diren gatazkak aipatu zituen hasteko (identitateari loturikoak, besteak beste). Ukrainaren eta Errusiaren arteko harreman historikoez aritu zen ondoren, denboran atzera egin eta harreman horiek izan duten bilakaera aztertuz. Azkenik, mundu mailako geopolitika izan zuen aztergai, NATOren, Europako Batasunaren, AEBen, Txinaren eta bestelako aktoreen jarrerak azalduz.

Blasen azalpenen ondoren, asko izan ziren ikus-entzuleen artetik hitza hartu zuten pertsonak. Besteak beste, gerra gertatuko zela asmatu ez izana, Europako Batasunaren papera, ezkerraren lekua eta AEBen gaitasun militarra izan zituzten hizpide mikrofonoa hartzera animatu zirenek. Nazismoak Ukrainan duen presentzia ere behin eta berriz izan zen hizpide hitzaldian zehar, baita galderen tartean ere. Blasen arabera, Ukrainak "arazo potoloa" du nazismoarekin eta eskuin muturrarekin, eta azken hauteskundeetan horien presentzia txikia dela ikusi arren, haien aldarrikapenetako asko bestelako alderdiek beren egin izana azpimarratu zuen. Armadan bertan ere naziek batailoi bat dutela gogora ekarri zuen (Azov batailoia), baina, horrez gain, eskuin muturreko batailoi gehiago ere badaudela esan zuen.

Aurkezlea bera izan zen azken galdera egin ziona, eta gerrak herrialde txirotuengan izan dezakeen eraginaz galdetu zion. Blasen arabera, gerrak "eragin latzak" izango ditu gu guztiongan, baina bereziki gogorra izango da aurrez txiroak diren herrialdeetan. Herrialde horietan pobrezia eta gosete egoerak areagotu egin daitezkeela ohartarazi zuen. Ezkor agertu zen etorkizunari begira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide