"Elkartasun materiala eskaintzeaz gain, pertsona migratzaileen akonpainamendua ere garrantzitsua da guretzat"

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2023ko urt. 16a, 11:24

Herritar talde bat Bilbon izan zen larunbatean, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak egiten duen lana ezagutzen. Irteeraren kronika egin du Elkar-ekin taldeak.

Anbulatorio aurrean gelditu ginen goizeko 10:00etan, eta behin autobusa hartuta, ordubete pasatxo behar izan genuen Bilboko Santutxu auzora iristeko. Auzoko parrokiak utzitako lokalak ditu han Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak, eta larunbat goizero arropa eta higienerako produktuak banatzen dizkiete beharrean dauden pertsonei. Elizarekin loturarik ez dutela argitu ziguten boluntarioek, baina eskertuak zeuden parrokoak emandako laguntzarekin.

Iritsi ginenerako amaitu xamar zituzten eguneko banaketak. 30 lagunetik gora igaro ziren lokaletik larunbat goizean, gehienak kalean bizi diren gazteak. Harrera egin ziguten hiru boluntarioak arduratu ziren beraien jardunaren berri emateaz, eta arropa banaketa amaitu berritan, kezka agertu zuten azkenaldian arropa gutxi biltzen ari direlako: "Ez dakigu krisi ekonomikoagatik den, horrela uste dugu, baina lehen askoz arropa gehiago jasotzen genuen dohantzan". Sei arropa kaxa, mantak eta kanpin-denda bat eraman genizkien Elkargunetik, eta eskertuta agertu zitzaizkigun datorren asteko banaketa horrekin osatuko dutela eta.

Lokalera sartu eta gela handi batera eraman gintuzten, solasaldiari ekiteko. Taldearen hiru helburu nagusiak azaldu zizkiguten ezer baino lehen: milioika lagun migratzera behartzen dituzten arrazoiak salatzea, EBren migrazio politikak salatzea eta gurera iristen diren pertsona migratzaileei elkartasuna adieraztea. Horretarako hamaika ekimen eta mobilizazio egin dituzte azken urteetan; urtero Europako herrialderen batera egiten dute elkartasun karabana, hitzaldiak, bilkurak, Bilbon eta inguruetan egiten dituzten mobilizazioak, eta abar.

Elkartasuna antolatzeko ildo ezberdinak dituztela azaldu zuten. Arropa eta garbiketarako produktuak eskaintzeaz gain, paperekin izan ditzaketen arazoak arintzen laguntzen diete migratzaileei, baita padroia egiteko etxeak aurkitzen ere. Laguntza materiala eskaintzeaz gain, akonpainamenduaren garrantzia azpimarratu zuten (bankura edo bestelako bulegoetara laguntzea, beraiekin tarte bat igaro eta entzutea, eta abar). Horiez gain, egoera oso zaurgarriak dituzten pertsonen kasuan, etxean ere hartu ohi dituzte, egun batzuetan beroa, babesa eta elikadura egokiak izan ditzaten. Kritiko agertu ziren erakundeekin, eta bereziki Bilboko Udalarekin: "Aterpe zerbitzu bat eskaintzen dute, baina oso mugatua. Gehienez hiru egun egon daitezke bertan. Negua dator, eta zerbitzu hori zabaldu beharko litzateke, baina ez dugu esperantza handirik".

Elkartearen inguruan 80 lagun mugitzen direla azaldu ziguten, gehienak jubilatuak eta emakumeak: "Lan nekeza da, adina ere badugu, baina sinistuak gaude borroka eginez gauzak lortu daitezkeela. Horrela lortu dira ditugun eskubide guztiak". Talde txikiagoak dituzte Bizkaiko hainbat herritan, eta horiez gain, eragile sindikal, politiko eta sozialekin ere aritzen dira elkarlanean. Dirulaguntzarik gabe lan egiten dute, eta materiala salduz eta jendeak emandako laguntzatik jasotzen dute nagusiki behar dutena.

Ordubete inguru luzatu zen solasaldia amaitu ondoren, Bilbo Zaharrera jo genuen, handik San Frantzisko auzora igotzeko. Han genuen hartuta bazkaltzeko lekua, Berebar taberna ezagunean. Ederki eman ziguten jaten, eta 16:30 aldera hartu genuen, berriz ere, Azpeitirako bidea. 23 lagunek parte hartu genuen Bilbora egindako irteeran, eta pozik itzuli ginen ezagutu eta bizi izandakoarekin.

Guretzat garrantzitsua da beste eskualdeetan eta herrietan lantzen diren elkartasun dinamikak ezagutzea eta harremanak zabaltzea. Arteara eta Irunera egin genituen irteeretan bezala, oraingoan ere ekarri ditugu ikasgaiak Bilbotik.

Eguneroko lanean jarraitzeko gogoz gaude Elkar-ekinen, eta lantzen ditugun gaiekiko kezka eta interesa duten herritarrak Elkargunera etortzera gonbidatu nahi ditugu. Askoren artean lan gehiago eta eraginkorragoa egin dezakegu. Badago beharra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide