Bigarren eskuko arropa denda berrituta eta handituta, ostiralean irekiko ditu ateak Soreasuko Elkarguneak

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2024ko urt. 10a, 13:19

Elkarguneko bigarren eskuko arroparen denda. (Elkar-ekin)

Arropa dendak metro koadro gehiago izango ditu aurrerantzean, baina funtzionamenduak berdina izaten jarraituko du. Etxeetan oinarrizkoak diren materialak modu eskuragarrian eskaintzen jarraituko du Elkar-ekinek.

Urte berriarekin iazko martxari jarraipena eman nahi genioke Elkargunean, baina zerbitzua hobetzeko helburuarekin, aldaketa batzuk egin ditugu Gabonetako oporretan. Arropa dendak metro koadro gehiago izango ditu hemendik aurrera, espazioa lasaiagoa izango da, eta arropa gehiago eskainiko dugu bertan. Horrez gain, almazeneko lurra aldatu dugu, eta eguneroko lanak egiteko erosoago eta txukunago jartzen saiatu gara. Aldaketa horiek egiteko udalaren laguntza izan dugu.

Helburuek eta funtzionamenduak betikoak izaten jarraitzen dute. Etxeetan oinarrizkoak diren materialak txukun eta merke eskaintzea da Elkar-ekinen helburuetako bat. Erabilgarri dauden baina erabiltzen ez diren materialak biltzen jarraitu nahi dugu, modu merkean eskaintzeko eta egon daitezkeen beharrei erantzun ahal izateko. Bereziki, etxeetan beharrezkoenak diren materialak jasotzen jarraitu nahi dugu.

Asteburu honetan irekiko ditu ateak berriro Elkarguneak, eta asteartetik irekita dago bigarren eskuko erropa denda. Honako ordutegiak izango dituzte:

- Elkargunea irekita egongo da ostiraletan 16:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 13:30era.

- Arropa denda irekita egongo da astearteetan 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:30era; asteazken eta ostegunetan, 17:00etatik 19:30era; ostiraletan 16:00etatik 20:00etara; eta larunbatetan 10:00etatik 13:30era.

Elkar-ekinen Elkarguneko proiektuan parte hartzeko aukerak honakoak dira, besteak beste:

  • Astelehenetan, 10:00etan, arroparen antolaketa eta Elkargunearen txukunketa lanak egiten ditu herritar talde batek.
  • Astearteetan, 17:00etan, biltegiko lanak eta Elkargunearen hornitzea. Ondoren, 18:30ean, taldearen asteko bilera egiten dugu, eta bertan erabakitzen ditugu Elkarguneari dagozkionak eta kalera begira egingo ditugun ekintzak. Bilera horietara etortzeko ateak ere zabal-zabalik daude.
  • Ostiral eta larunbatetan irekitzen dugu Elkargunea, eta txanda bidez funtzionatzen dugu. Momentuz, hogei talde inguru gaude, bakoitza hiru pertsonakoak, eta talde bakoitzak urtean lau txanda egiten ditu.
  • Furgonetarekin etxeetatik materiala ekartzen aritzen gara astean zehar, baita asteburuan Elkargunean saldutako altzariak etxeetara eramaten ere (lan horiek ez dira finkoak eta astearen arabera aldatzen dira).
  • Urtean bitan, beharrik handiena duten herritarrei doan banatzen diegu arropa. Aste horietan lan pilaketa handia izaten dugu.
  • Urtean bitan, Errigorako kanpaina eta produktuen banaketa egiten dugu herrian. Eskaerak asko hazi dira urtez urte, eta banaketa antolatzeak lana eskatzen du.

Guztietan behar dugu jendea, eta animatzen dena ongi etorria izango da gure artera. Malgutasuna eskaini nahi dugu lana egiteko orduan, bai egutegiaren aldetik, bai ordutegiaren aldetik ere. Askotariko konpromisoak daude Elkar-ekinen barruan, baina boluntario guzti-guztien lana da beharrezkoa.

Norbaitek goian aipaturiko lan horietakoren batean lagundu nahiko balu, kanal hauetakoren bat erabilita jar daiteke gurekin harremanetan.

  • Korreoa: elkar_ekin@hotmail.com.
  • Telefonoa: 644 96 16 06.
  • Aurrez aurre: Elkargunean, ohiko ordutegian, edo Elkar-ekineko kideren batekin, zuzenean.

 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide