Zumaiako Bedua jatetxean bizitako esplotazio egoerak azaldu dizkigute bertan lanean aritu diren zenbait pertsona migratzailek (gehienak emakumeak). Paperik gabe, eskubiderik gabe, eta dena kontra izanik, ez dute inolako aukerarik sentitu salaketa egiteko.
Gure eskualdean ohikoa da jatetxe horretan langileak behar dituztela adierazten duten kartelak ikustea. Azpeitian ere itsatsi dituzte azken asteotan. Baina jatetxe horretan gertatzen denaren jakitun izanda, bertako lan baldintzen inguruko honako informazio hau kaleratzea erabaki dugu:
- Bedua jatetxean, bereziki unean uneko beharrak asetzeko, paperik ez duten pertsonak hartzea lehenesten dute, horrek aukera ematen dielako pertsona horiekin nahieran aritzeko.
- Jende gehiago beharko dutela aurreikusten duten datetan, epe laburrerako langileak hartu ohi dituzte. Horietako asko kaleratuak izan ohi dira egun gutxitara, lan karga arintzen zaienean, eta ohikoa da langile horiei ezer ez ordaintzea. Guztiei aitzakia bera jarri ohi diete: probaldian egon izana, eta beraien lana ondo egin ez izana.
- Lan eskaintzak egiten dituztenean, platerak garbitzeko jendea behar dutela adierazten dute. Behin lanean hasita, askotariko zereginak ezartzen dizkiete langileei: zaintza lanak, etxea garbitzea, baratzean aritzea, jatetxeko garbiketa eta abar. Kasu batzuetan, nagusiak Zumaian dituen senideen etxeak garbitzera ere bidali izan dituzte langileak.
- Hamabi ordu baino gehiagoko lanaldiak ohikoak dira, eta badira hamazazpi orduko lanaldiak egin dituztenak ere. Egunean zeharreko jatorduak egiteko hamar-hamabost minutuko tarteak eskaintzen dizkiete langile horiei. Oso gutxi ordaindu izan dietela adierazi digute langile ohi batzuk, eta ez zietela ordaindu beste batzuk.
- Jatetxea herritik aparte dagoenez, gaueko lanak amaituta, nagusia arduratu izan da langileak Zumaiara eramateaz. Testigantza batzuen arabera, goizeko 3:00etan edo 4:00etan amaitu izan dituzte bertako lanak, goizeko 9:00etan berriz lanean hasteko. Horrela, eguna joan eta eguna etorri. Langileak herrira eraman beharrik ez izateko, bertan lo egiteko eskatu izan die nagusiak. Kasu horretan, bost-sei orduz lo egin eta berriz lanean hasi ohi dira langileak.
- Zaintza lanak egiteko barne langile gisara era hartu izan dute jendea. Langile ohi batek azaldu digunaren arabera, pertsona heldu batekin egin behar izaten zuen lo gelan, baina hark zarata handiak egiten zituenez, ezinezkoa zitzaion loak hartzea. Nagusiari egoera azaldu zionean, beste gela txiki batean lo egitea proposatu zion, non ohe bat zegoen, eta ohe horretan etxeko txakurretako batek lo egiten zuen.
Eskualdean bertan ditugu esklabotza egoeretan lan egiten duten pertsonak, kasu askotan bizitza duinagoen bila beren herrialdeetatik hona etorri direnak. Ez dezagun ahaztu: pertsona esplotatuak daude pertsona esplotatzaileak daudelako.
Bedua jatetxean ematen diren egoera horiek benetan larriak direla uste dugu, baina argi dugu, ostalaritzari dagokionez, asko direla langileak antzeko egoeretan dituzten tabernak eta jatetxeak. Egoera horiekin amaitzeko, egoera horiek ikustaraztea eta salatzea beharrezkoa dela uste dugu.