‘Xapios’ taldea finalerdietara

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2006ko aza. 27a, 12:11

                                  

                                      

Azpeitian Mendizaleen tabernan jokatutako laugarren kanporaketa ere aurrekoen bide beretik arrakastatsu eta jendez gainezka izan zen. Eta Azkoitian Zurten bezala epaileei ez zieten lan erraza jarri bertsolariek, bai kantuan erakutsi zuten parekotasunagatik eta baita bukaerako agurretan lehenbizi kantatu zuten Xapios taldekoek beren burua galtzaile jo zutelako ere, eta haiexek izan epaileen ustez aurrerako sailkatu zirenak. Bertsolariek badakite hori ez dutela egin behar, baina behin eta berriz akats berean erortzen dira. Bertsolariek nonbait beren barne-sentipenetatik epaitzen dute eta epaileek haien ahotik irteten duena, hortxe diferentzia. Saio parekatua izan zen oso lehenbiziko hiru ofiziotako lanetan. Bakarkakoetan hobeto aritu zen XAPIOS taldea eta bukaerako puntutako lanean MIRUT hobeto. Kontuak kontu azken epaia emateko bertsoan Ixabel Jauregik, …“Xapiosen kordadak /lortu du gailurra” bukatu zuen bertsoa mendizale-hizkera erabiliz, baina izan zen zalantza argitu gabe gelditu zen bat baino gehiago. Dena den bertsorik txalotuenak lau oinak emandako biak izan ziren.

XAPIOS taldeko Silvia Etxanizek: burua, purua, helburua, ingurua hitzekin bertso hau bota zuen:

Keaz beterik dago
gure ingurua,
bateko zigarroa,
besteko purua
Leihotik aterako
nuke nik burua,
itotzea ez baita
gaurko helburua.

 
Eta MIRUT taldeko Ruben Gorrotxategik: irrika, xirrika, errepika, korrika  hitzekin botatakoa beste hau:

Ohera joan ginaden
presa ta korrika.
Beste gauz hortarako
bagendun irrika.
Zenbat gozatu gendun
elkarri xirrika!
Atzoko gaua nahi det
berriz errepika.

Finalerdiak honela gelditu dira, orain:

Abenduak 1, ETXE-AITZ (AZKOITIA): Gaueko 11:00etan

JOLIN:

  • Jokin Uranga
  • Lide Rekondo
  • Nekane zinkunegi

 
XAPIOS:

  • Xabier Azpillaga
  • Jokin Sudupe “Pio”
  • Silvia Etxaniz

Abenduak 15, TRINTXERA (ERREZIL): Gaueko 11:00etan

NESKAK:

  • Leire Ostolaza
  • Eneritz Arzallus
  • Eneritz Artetxe

 
MAK:

  • “Ministro”
  • Ander Urbieta
  • “Kurku”

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide