Finala uste bezain bero eta bikain gertatu zen. Giro aparta zegoen, jendez gainezka, txapelketa guztian zehar izan duen jarraipen eta berotasuna areagotu egin zen finalean. Saioa atzerapen pixka batekin hasi zen Ander Urbietak izan zuen ondoez txiki bat tarteko. Saioan zehar ere izan zuen eragina MAK taldearen errendimenduan. Agurrean bertan sumatu zen talde batek nahiz besteak zekarren aldartea. Agur bana jarriko dugu lekuko gisa.
AGURRAK
Jokin Sudupe (Xapios)
Bertso Parrandan iturria ere
oraindik ez da agortu
ta Gaztetxean ikusten danez
giro ona zaigu sortu
hona bidean bi burutapen
honelaxe zaizkit otu
gaurko saioaz gozatu eta
ahal bada txapela lortu.
Ander Urbieta (Mak)
Gabon, zahar eta gazte,
Aitton ta amonak.
Zer moduz pasa dira
aurtengo Gabonak?
Orain hasiko dira
gure bertso bromak.
A, ta atzoko partez
danoi zorionak.
Saioan zehar izan ziren momentu oso onak eta baita erantzun
bikainak ere. Adibide gisa:
Ofiziotan Zortziko Handian, Silvia eta Josu neska mutilak
ziren. Pelikula erromantiko bat ikustera
gogoz kontra joan da Josu, baina argia piztu denean negar egin duela igarri dio
neskak.
Silvia:
Negar egizu nire aurrean
biok pertsonak gara ta.
Josu:
Nahiz pelikula gaur iruditu
zaidan oso atsegina,
jakin ezazu orain barnean
nik badaukadala mina.
Nola golpetik sortua zaidan
gaur sexurako den grina
eta tamalez ez degu egiten
pelikulako berdina.
Silvia:
Hori aitzaki bat besteik ez da
ez det egiten zalantza,
irudi triste hoiekin zuri
barrenak hamaika dantza.
Ta sexu grina omen dezula
gaur aitortu dezu antza.
Jo ba, eskatu. Uste nuen nik
bagenula konfiantza.
Zortziko Txikian izan zen saiorik politena behar bada, eta osorik jarriko dugu.
Larunbat gauero hamabiak aldera Xabier, amonatxoak, Gaztetxera etorri eta kubalibre bat eskatzen du. Mini da barrako arduraduna.
Mini:
Ikusi beharra da
amonaren planta
burua okerturik
ta baitare hanka.
Gaztetxeagatikan
ez dabil marmarka
Aitonenan bainore
merkeago data.
Xabier:
Gaztetxe barruraino
ni erdi presaka,
beste taberna denak
albora lagata.
Hemen merkeago, ba,
atera kubata,
lo egiteko oso
gauza ona da ta.
M: Lo egiteko
orduan
hainbat enbarazu,
nahiz Jaungoikuai egin
hamaika errezu.
Gazte artean ondo,
ederki zaude zu.
Kresta bat egitea
pentsatu al dezu?
X: Hori
entzundakuan
eman didazu min,
holakua zinanik
oraindik ez nekin.
Krestaik ez det egingo
zergatia jakin,
ilerik gabe ezin
delako hau egin.
M: Ilearekin dezu
orduan problema,
baina ez pentsa denik
gauzarik txarrena.
Beste kubata hartu
zuk barran barrena
etxearen kontura
baidezu hurrena.
X: Bi gehiegi
direla
ordea kontura.
Zertan hartu behar det
hemen abentura,
baina gogoan daukat
ez zuk izan duda
ta hurrengo astekoa
zerorren kontura.
Bakarkako lanean Xapios taldeko bi ekarriko ditugu, biak izan ziren eta politak:
HITZA: Eskola
Xabier Azpillaga
Bertso-eskolan daramakigu
guk azkeneko bolada,
afiziua hauxe dugu ta
ezin ba alde bat laga.
Zuen artean inbidirikan
sentitu duenik bada
ateak zabal-zabalik daude
zatoz Bertso-eskolara,
asteazkenez biltzen gara.
OINAK: Aparta, galanta, falta, da ta
Silvia Etxaniz
Ene, hau da anbiente
bero ta aparta.
Bertso Parrandak sortu
du giro galanta.
Jendearen txalorik
behintzat ez da falta.
Zuek holaxe segi
eskertutzen da ta.
Ondoren puntutako lanak izan ziren, horretan dute gazteek eskarmenturik gutxien eta biziago aritu ziren ohi bezala MAK taldekoak. Azkenean epaimahaiak XAPIOS izendatu zuen txapeldun eta MINIk gizalegez onartu zuen erabakia bere agurreko bertsoan aitortu zuenez, izan ere bigarren urtez izan baita bigarren:
Mini
Hauek hobeto jardunak dira
nahiz gu ez egon erdi lotan.
Beti atzetik ibilia naiz,
bigarrengoz aurtengo hontan.
Neure buruai esaten diot,
lasai Ministro!, askotan.
Sateliteak egon behar dira
izarrak egotekotan.