Mikel Erreiru, Xabier Agite, Ander Urbieta, Ruben Gorrotxategi (Urbietaren atzean), Nekane Zinkunegi eta Haritz Ministro. Argazkia: Orkatz Kultur Elkartea. |
Zenbat jende sartzen da Orkatzen? Ba hainbestexe elkartu ziren atzo gauez 5. edizioko Bertso Parrandaren lehen saioa ikustera. MAN (Ministro, Ander eta Nekane) eta EAR (Erreiru, Agite, Ruben) taldeak kantatu zuten, Gurutze Oiatzabalen aginduetara. Azkenean, MAN sailkatu zen hurrengo faserako, bertaratu zen publikoak halaxe erabakita.
Agurretatik, indartsu
Agurrak ere puntuagarri dira eta atzoko bi taldeak, horren jakitun, ederki prestatu zituzten eurenak. EAR taldeko hiru lagunak, MAN taldeko hiruak bailiran kantatu zuten. Mikelek Nekarenen ahotik, Agitek Ministrok bezin fuerte eta Rubenek Ander 'Lazkao Txiki'ren ahotsa imitatuz. EAR taldekoek ere, agur berezia bota zuten: 'Agur Jaunak' doinuarekin 'Gabon denoi' esanez hasi zen Urbieta. Son Goku, Krilin, Txitxi eta beste batzuk aipatu zituzten ondoren besteek eta anaiaren partez besarkada emanez amaitu zuen berriro Anderrek.
Ofiziotako lanak zituzten gero. Ministro eta Mikel aurrena; parrandatik etxera joan eta bestea trabestia zela konturatu zen Mikel. Ander erretzaileari, berriz, Agite gerturatu zitzaion erretzeari
uzteko laguntza eskainiz. Azkenik, Ruben eta Nekane aritu ziren.
Banakako lanak ere, berriak dira aurten. Elkarri oina eman zieten Nekane eta Agitek. Hamarreko haundian lehen puntua bota batek eta, hura bukatu orduko, hurrengo puntuko oina jarri besteak. Ariketa bistosoa, bertsoa momentuan nola egiten den erakusteko balio duena. Zaila, ordea, bertso borobilak botatzeko. 8 oin eman zizkieten Mikel eta Anderri, ondoren. Habanera doinuan 8ekin bertsoa osatu zuen Mikelek, lige kontuen harira. 8ko txikiaren osatu zuen berea Anderrek, gai berari helduta. Eta, puntutan, Ministro eta Ruben, librean. Ruben ezkondu berri eta hortik heldu zion Ministrok gaiari, eta bai ederki jarraitu ere Rubenek, lehendik eduki zuten trabestiaren gaia ere ekarriz. Ezkondu ondorengo bidaian "falta botako ditu, ni ta eskabadora" bota zion Ministrok.
Koplatan
Talde bakoitzak kopla saioa egin zuen bukatzeko. Ikasle pisu batean ezer ez dutela garbitzen eta hizketan Ander, Ministro eta Nekane, elkarri kontuak eskatuz. "Oesteko bolak" atera zitzaizkion Ministrori ohe azpitik. "Arratoi bat irten arte" lasai egoteko erantzun zion Nekanek. "Amaren etxera" itzuli zen Ander, pisukideekin etsita.
Behobia Donostia lasterketan jarri zituzten beste hiruak, azken metroetan ordura arte baino erritmo biziagoan. Eurentzat "Behobia Gaintzurizketa" izan zitekeela bota zuen Agitek. Ezetz, metan sartu behar zutela "elkarri eskutik helduta", Rubenek.
Agurrak bota zituzten, ohi bezala, saio bukatzeko.
Epaia
Juantxo eta German Zelaia jarri zituen epaile Erniarraitzek. Zelaiak, barra atzetik eman behar zuen epaia, ohi bezala bertsotan. 3 bertso bota zituen, baina ez zuen nor pasako zen esan. "jaitsi da barrera, baina hemendik inor ez doa aurrera". Enpate. Eta, aurtengo beste nobedadeari jarraituz, entzuleek erabaki zuten nor pasa aurrera, papertxoekin botoak emanda: MAN.
2. kanporaketa berriz Azkoitian izango da. Datorren ostiralean, hilak 12 AZPIJO eta XELA taldeek euren indarrak neurtu beharko dituzte Etxe-Haitz tabernan. Animatu zaitez!