Bertso Parrandako 2. saioaren kronika

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2010ko aza. 17a, 09:11

Etxe Aitzeko Bertso Parrandako 2. saioan, XELA taldekoak agurra kantatzen.
Argazkia: Erniarraitz

2. saioa

Bertso-Parrandako bigarren saioak ere maila ona eman du. Jendez lepo taberna, entzuleak beti bezain arretatsu eta bero, bertsolariei duten onena ematen laguntzeko.

Jakina da aurtengo edizioan agurrak ere puntuatu egiten direla eta agurretan jokabide desberdinak izan zituzten bi taldeek. XELAk Azkoitiarrentzat ezaguna den “Din-don, din-don...” doinua erabiliz zirikatu zituen AZPIJOko arerioak, elkarren arteko koruak egiterakoan tonua hartzen lanak izan bazituzten ere, sarritan gertatu ohi dena neskak eta mutilak batera direnean. AZPIJOk, berriz, hiru agur klasiko egin zituen.

Ofiziotan, Josu Azpillaga eta Xenpelar, artzainaren eta mendian galdutako aberatsaren paperean aritu ziren lehenbizi. Pio eta Leire bi txirrindulariren paperean eta hirugarren bikotea Joxin eta Arkaitz, gauean lo egin ezinik dagoena eta irratiko esatari izan ziren. Hiru bikoteek egin zituzten gauza politak eta talde baten eta bestearen lanak nahiko orekaturik joan ziren lehen hiru saioetan.

Saioak gora

Dena den saioa berotu zuena Pio eta Xenpelarrek, aurtengo ariketa berrian egindako saioa izan zen, bertsoa batek hasi eta ondokoak oinak eman ahala bertsoa osatzen joatekoa. Xenpelarrek nahiko lan izan bazuen ere Pioren oin bat ulertzen. Oinak emandako ariketak Arkaitz eta Joxinek egin zituzten eta, amaiera, Leire eta Josuk puntutan eman zuten. Nahiko lan ibili zuen Josuk, altua den arren, Leireren tonura iristen baina. Saioa oso orekatua zihoan ordura artean.

Azken lana falta zen talde bakoitzak koplatan egin beharrekoa. XELAk osaba mutilzaharraren herentzia banatu behar zuen eta AZPIJO, sokamuturran ibili nahi duten 15na urteko hiru gazte izan ziren. Esan daiteke azken lan honetan erabaki zela, behar bada, talde irabazlea. Epaileek publikoaren botoen beharrik gabe erabaki zuten oraingoan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide