Leire Ibarguren: 'Umorea, generoa eta bertsolaritza'

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2011ko mar. 18a, 16:03

Leire Ibarguren hitzaldia ematen, ondoan Ixabel Jauregi duela

Hasi da Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatutako Udaberriko Bertsoaldia, Leire Ibargurenek emandako hitzaldiarekin. Tesina bat izan zen bere lanaren oinarria, eta hortik atondu du “Umorea, generoa eta bertsolaritza” bere hitzaldia.

Birjinia Imaz klonak emandako ikastaro batetan oinarritu da umorearen ezaugarriak xehetzeko, eta ondoren hainbat emakume bertsolariri egindako elkarrizketatan oinarrituko ditu hiru arloen arteko harremanetan sakontzeko.

Umorearen baldintzak zehaztu zituen lehendabizi. Harridura, logika apurtzeko, ditugun erreferenteak, beldurrak, desirak, debekuak, umoregilearen jarrera, teknikak, hizkuntza, testuingurua... banan bana aztertu zituen umoreak arrakasta izan dezan baldintza egokien bila.

Umoreak nolako papera betetzen duen ere hizpide izan zen. Horrela, indarkerian, sexualitatean, arauak indartzean, arauak iraultzean, norbere burua onartzean, logikarekin apurtzean, pertsonen arteko distantziak murriztean... nola eragin dezakeen aztertu zen.

Generoarekin uztartzea etorri zen gero. Horrela emakumeak umore objektu bezala egiten den erabilera izan zen hizpide. Jendarteko arauak, “emakumeetaz” edo “emakumeekin” barre egitea eta perfil ezberdinetako emakumeak bereizteko ahalegina egin zuen Leirek. Ondoren emakumeak umore kontsumitzaile bezala daukan eragina izan zuen aipu. “Interes publikokoak” diren erreferenteak, sedukzioaren jokoa, atseginak izatea, ez nabarmentzea, emakumeen barrea publikoan... emakumeek mugak nola dituzten ezarrita argi azaldu zelakoan gaude. Azkenik, emakumeak umore subjektu bezala nolako eragozpenak dituzten aipatu zituen. Nagusi diren erreferenteekin publikoarekin konektatzeko dauden zailtasunak, hizkuntzan nagusi diren termino sexistak, eskatzen zaion seriotasuna, rolak bete beharra, seduzitzaileak izan beharra, biktimak, beldurtiak, negartiak ezaugarriak... horrek guztiak zailagoa egiten du emakumeak umore egile bezala arrakasta izatea.

Jende kopuru polita elkartu zen Azkoitian Ibargurenen hitzaldia entzuteko

Eta bertsolaritzarekin uztartzea etorri zen gero. Oholtzaren eragina, hitzaren balioa, errekonozimendua, “emakumearen” presentzia, “emakumeen” presentzia arloz arlo aztertu zuen Leirek, adibideekin atonduz. Bertsolaritzan egon daitezkeen erronkak ere aipatu zituen, zenbait ezaugarriri errepasoa emanez.

Bukatzeko, eztabaida zabal batekin bukatu zen hitzaldia. Han izan ziren guztiak gustura atera zirela esan dezakegu.

Bideoa

Hona hemen hitzaldiaren 50 minutuko bideoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide