Baldintza guztiak betetzen zituen gauak, afari eta lagunarte eder baterako. 22 lagun bildu ginen afaltzera, bertsolari eta bertsozale, batzuek zaleak bakarrik baitira Erniarraizko familian. Leteako Jatetxea geure mende izan genuen, afal ondorengo bertso-jolaserako ezin hobeto. 22:30ak aldera ekin zion kantuan Kaminburuk jendea zirikatzen, eta ia etenik gabe, 00:30ak ondo jota amaitu genuen. Inork ez zuen inori kantatzeko agindu beharrik izan, ahal zuenak ahal zuenari adarra jo, zirikatu, arrazoiekin gain hartu... hori izan zen jolasa. Gutxi gora behera afaltzera joandako erdiek kantatu zuten gainera. 22 bildu ginen afaltzen eta 11 izan zirela uste dut bertsoren bat kantatu zutenak.
Hasierakoa, berotzeko ariketa Eduardo Larrañaga, Xenpelar eta Beñat Lizasoren kontu joan zen.
Ondoren beste batzuk ere berotu ziren, Joseba Agirre, Eneritz Eizmendi, Joan Jose Loidi Saletxe eta Txibilter.
Loidi Saletxek bota zuen Erniarraizko aurtengo kurtsoko berri emateko galdera, bertsoz, eta han aritu ziren, Eduardo, Beñat, Jon Gurrutxaga (aurtengo fitxaje gaztea), Xenpelar eta Txibilter ikasturteko berri ematen.
Gipuzkoako Txapelketan aritutako bertso-eskolako kideak nahiko suelto aritu ziren kantuan. Joseba eta Xenpelar kantatzeaz gain besteak lanean jartzen ere gogor saiatu ziren. Xenpelarrek berarentzako lana lortzeko ahalegina ere egin zuen, Loidi Saletxera morroi moduan joateko eskaera eginez. Baita Loidi Saletxek onartu ere, baina baldintza batekin: alabari ez begiratzearena. Gehiegi iruditu zitzaion baldintza Xenpelarri.
Jon Gurrutxagak bertso-eskolan pertsona hobea egin zela aipatu zuen, eta losintxak eta kontrako iritziak tartekatu ziren, baita oraindik ikasteko asko daukala ere.
Ondoren, galdera luzatu zion Josebak Loidi Saletxeri, ea gene kontua ote zen Loidi Saletxekoa. Borondatean eta afizioan oinarritu zuen Loidi Saletxek bertsozaletasuna, eta horren aldeko adibideak jarri zituen.
Xenpelarrek German Zelaia Errotondako bertsoak kantatzen jarri zuen.
Josebak Txibilter eta Beñat ahari jokoan jarri zituen. Kolpeak buruarekin eman arren, hankak dira ahariari eusten ez diotenak, Beñaten iritziz. Xenpelarrek Mendizabalen ahariak gogora ekarri zizkion Txibilterri. Elkarri puntuak jartzen aritu ziren ondoren, Txibilter, Eduardo, Joseba, Beñat, Xenpelar eta Jon.
Josebak Eduardo zirikatu zuen gero hiru puntuan, tartean Silvia Etxaniz ere kantuan jarriz. Xenpelarrek Joxin Iturriotz, gero.
Saioaren hondar aldera Loidi Saletxek Bertso-eskolaren lana eta fitxaje berria goraipatu zituen, Xenpelarren galderari erantzunez.
Zenbait agur kantatu zituzten ondoren eta Jon Gurrutxagak berak eman zion errematea. Han izan ginen guztiok irribarre batekin atera ginen Letea jatetxetik, ikasturte berria berriro noiz hasiko irrikitan. Irailera arte itxaron beharko, baina udan bertsoak ez dira faltako gure partaideen artean.