Jaungoikoari otoi egiozue Espainiako lurren batasuna mantentzen lagun diezagun, bere erregionen aniztasuna aberastasuna goraipatuz, horixe baita gune aberriaren batasuna indartzen duena. Francisco Franco Bahamonde eta Jose Antonio Primo de Rivera y Saenz de Herediaren eskelak dixit. Iragan igandean bertan irakurri nuen Diario Vascon, 27. orrian. Gazteleraz zegoen, noski.
Urtero publikatzen omen dute, azaroaren 20an, egunkari horretan. Nik ez nekien, eta igandean, bazkaldu aurretik pote pare bat hartzen ari ginela entzun nuenean ere brometan ari zirela uste nuen. Ia aurtene jarri al diñaben Frankon eskelie Baina bromatik gutxi. Hantxe agertzen zen Francisco Franco Fundazioaren izenean.
Ezin dut ulertu. Diktadore hiltzaile baten eskela publikatzeko lotsa gutxi behar du. Eta halere, egunkari horixe da Azpeitin gehien saltzen dena. Hala diote eskuratu ditudan azkeneko datuak. 2004ko datuak dira, Euskarazko prentsa eta Azpeitia liburuan jasotakoak. Bertan dionez, Diario Vascok 1.240 ale saltzen zituen larunbatero iaz, batez beste; Garak, 355; Berriak 353, eta Deiak, 115. Urola Kostako Hitzak, berriz, 2.200 ale banatzen zituen iaz.
Bai, bale. Duela bi urtetik dezente aldatu da gure herriko komunikabideen egoera. Egun euskarazko prentsak inoiz baino presentzia handiagoa du gurean, eta Urola Kostako Hitzak eta Uztarriak dute horren meritu handiena. Baina, halere, informazio orokorreko prentsa kontuan hartuta, Diario Vasco ikusten dut nik gehien jendearen besapean. Diario Vascok izaten ditu ale gehien panaderitan, eta huraxe da, oraindik ere, azpeitiar gehienen egunkaria. Eskerrak azpeitiarron botoen gehiengoa abertzalea den. Eta eskerrak euskarak gurean osasun ona duen. Bestela akabo.
"Ohiturie" dela esaten dute egunkari horren erosleek. "Azpeitiko kartie ekartzeiñ da " besteek. "Ahh, eta eskela geyena bertan zion" Ba earki. Ohiturak aldatu daitezke. DVren Azpeitiko karta baño askoz zabalagoa da Hitzak ekartzen duen herriko informazioa. Eta DV eskelengatik erosten dutenek Francoren eskela irakurrita zer pentsatu duten jakin nahiko nuke. Ez ote diote, behintzat, Jaungoikoari Francoren alde otoi franko egingo.
Iban Arregi kazetariak duela hiru urte idatzitako gogoeta batean esan zuen bezala: ez da normala azpeitiarrona. Zeozer ez da ondo egin.
Portzierto, zorionak Iban.