Hona hemen bi kasu:
Bikote bat. Heterosexuala. Batera bizi dira. Biek egiten dute lana. Biek ekartzen dute dirua etxera. Eta bien diruari esker egiten diete aurre eguneroko bizimoduari. Imaginatu, orain, egun batetik bestera, gizonezkoa lanetik botatzen dutela eta langabezian gelditzen dela. Edo bestela, imaginatu bikoteak haur bat edukitzea erabaki duela, eta umea jaio ostean aitak bera zaintzeko lana utzi eta langabezira joaten dela.
Bigarren kasua. Bikote bat. Heterosexuala. Batera bizi dira. Biek egiten dute lana. Biek ekartzen dute dirua etxera. Eta bien diruari esker egiten diete aurre eguneroko bizimoduari. Imaginatu, orain, egun batetik bestera, emakumea lanetik botatzen dutela eta langabezian gelditzen dela. Edo bestela, imaginatu bikoteak haur bat edukitzea erabaki duela, eta umea jaio ostean amak bera zaintzeko lana utzi eta langabezira joaten dela.
Ba al dago desberdintasunik bi kasu horien artean? Galdera zabala da eta denetariko erantzunak ditu. Bale, zehatzago egingo dut: familia horien diru iturriak kontuan hartuta, ba al dago desberdintasunik batetik bestera?
Ezetz esango nuke nik. Gizonezkoa ala emakumezkoa langabezira joan, berdin-berdin murrizten direla familia bateko diru iturriak. Baina badirudi Azpeitiko Udalarentzat ez dela horrela. Kirol txartela egiterako orduan ez behintzat. Azpeitiko kiroldegi eta igerilekuko txartel familiarra egiterako garaian, familiako aita langabezian badago deskontua egiten dute. Baina langabezian dagoena familiako ama baldin bada ez. Nire ezagun bati behintzat hala esan zioten. Lehen lana egiten zuen; orain langabezian da, baina kirol txartel familiarra egiterakoan ez diote deskonturik egin.
Harrigarria da. Lotsagarria. Espero dut Azpeitiko Udalak arau hori lehenbailehen aldatzea, atzera gelditu delako, oso, eta diskriminatzailea delako. Eta hori bakarrik ez. Zer gertatzen da bikote homosexualekin? Kontu horiek aztertu gabe izango ditu, ziurrenik, Kirol patronatoak. Ba egin dezala. Bada garaia.