Sinestearen beharra

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2006ko ira. 1a, 14:09

"San Inazioren omenezko abesbatzak abestuko du gaur. Agian interesatuko zaizue. Nafarra zen-eta San Inazio"... Eta nire azpeitiar sena atera zen orduan: “Nola San Inazio nafarra zela? Ez ez, azpeitarra zen hura, nire herrikoa, Gipuzkoa…”. Barre ederrak egin zituzten nire inguruan zeudenek: “Hi, Esti, horrek etzakin ez Gipuzku ez Naparrue eta ez Euskal Herriye nun dauden, alperrik ai haiz!” batek. “Enee, hi Saninaziyo zuena dala esaten? Blogien idatzitakuek idatzi ta gero eozeñek esango luke hure zuena dala esanez harrotuko hintzenanik…”, beste batek. Eta nik parre. Lotsatuta, baina parre. Arrazoia zuten bai batak eta bai besteak. Baina askotan neure buruak harritu egiten nau etxetik milaka kilometro Azpeitiko erreferentziaren batekin topo egin ostean izaten ditudan erreakzioek.

Senegalen gertatu zen, orain pare bat aste. Hantxe izan naiz oporretan, eta hainbeste kontu eta komeri ikusi eta bizi izan ditut beste lau gaunekin batera. Eta gezurra badirudi ere, San Inazioz akordatu naiz! Ez ez, ez dut Josu Badiolak Mauritanian ikusi zuen San Inazio hura ikusi (hobe bai), ez eta azpeitiarron patroi haundiaren ohiko irudirik ere, baina isla hartako gia harekin izandako solasaldiak eman zidan zer pentsatua. Senegalen oso gutxi bezala (gehiengoa musulmana da), kristaua zen gia hura. 30 urte zituen, eta hezurretaraino sartuta zeukan fedea. Fede xumea zuen, benetakoa, handitasunik gabekoa. San Inazioren komentarioa egin eta santua gurean jaiotakoa izateaz harro egongo ginela esan zidan, xume-xume. Benetako fededuna zen, eta ez nintzen ausartu kontra gehiegi egitera: “Egia esan, ez diot miresmen handiegirik santuari. Beno, eta orokorrean, Eliza katolikoak ez nau gehiegi erakartzen”. Harrituta begiratu zidan. Eta harrituta galdetu: “Bai, entzuna dut Europan-eta gazteak fedea galtzen ari zaretela, elizara joateari utzi diozuela, jainkoari errezatzeari utzi diozuela. Baina zergatik?”.

Hainbeste arrazoi emateko gogoa izan nuen, baina isilik geratu nintzen. Besteak beste, hango “Eliza” eta hemengoa oso desberdina ikusi nituelako. Eta mutil hura erantzunaren zain begira-begira genuela hitzok entzun nituen ondotik: “Ba al dakizu zer gertatzen den? Gizakia premia eta beharra duenean soilik akordatzen dela jainkoaz. Jesusez, Allhaz edo dena delakoaz. Eta gu orain, ondoegi bizi gara eta dena daukagu. Zuek ere, egunen batean dena edukitzen baduzue, ez duzue jainkoaren beharrik izango ”. Bertsolaria izan erantzuna eman zuena, erantzunak azkar eta bizi ematen dituen horietakoa. Ez zaio arrazoirik falta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide