Kalean egotea debekatuta

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2006ko aza. 22a, 22:11

Orientazioa seko eskasa duen horietako naiz. Ezkerra eta eskubia bereizten ez dakien horietakoa. Toki batera iristeko, gutxienez, rotonda berean bi buelta eman behar izaten dituztenetakoa, norabait joateko mapa bat eskuan eduki arren aurrenekoan inoiz aurkitzen ez duenetarikoa.

Baina inoiz ez zitzaidan gertatu lehengo astean pasatutakoa. Azpeitin galdu egin nintzen! Bai, Santutxotik beherako eskaileren bila hasi eta beste batzuk topatu nituen aurrena. Haiek ordea, ez ziren nik behar nituenak. Eta jo beste aldera. Azkenean topatu nituen, eta gero ezin aurkitu Gure Ametsa soziedadea. Batzokian tinbrea jo nuen eta ez zidaten iriki. Eta kale hartan han ibili nitzen aurrera eta atzera, kartel bat ikusi nuen arte: “Alkatetzaren aginduz, debekatuta dago hemen egotea”. Plaka zuri batean. Beldurtu egin nintzen. Eta gasa bestelako kontu arriskutsuen biltegiren bat edo ote zegoen pentsatzen hasi nintzen. Baina ez nuen ezer topatu, eta kartel hori hor zergatik ote zegoen pentsatuz sartu nintzen azkenean soziedadera (azkenean bertan zeudenei deitu behar izan nien aurkitzeko!).

Urteak omen dira kartel hori hor dagoela. Kale horretan jende asko batzen zelako jarri omen zuten debekua, gazte asko batu eta eskandalo handia sortzen zelako, eta ez pertsonarentzat, fisikoki, hor egotea arriskutsua zelako (inuzentea ni!). Hala kontatu didate. Eta neu ere, gaztetxoagoa nintzela, hara “gaixtokeita” jundakoa naizela akordatu naiz.

Badakit etxepean eskandaloa egotea ez dela batere atsegina, eta hori ekiditeko neurriak hartzea ere ez zait gaizki iruditzen. Baina kartel horrek halako inpresio gogor bat egin zidan. “Toke de queda” itxura hartu nion. Kalean egotea debekatuta egoteak diktadurak ekartzen dizkit gogora, edo gisa horretako garai ilunak. Agian horregatik, kartel horrek halako inpresio txar bat egin zidan. Edo ez dakit, agian galduta nenbilelako izango zeb, eta ilunpean noraezean nenbilelako. Baina ez zitzaidan batere gustatu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide