Batzarreko ondorioak

Erabiltzailearen aurpegia Gaztetxie 2006ko mar. 30a, 21:03

            M-24ko batzarrean ateratako ondorioak (60 gaztek hartu zuten parte)

 Ostiraleko batzarrerako deialdiak erantzun ona izan zuen. Bertan, Otsailaren 18an osatu zen diagnosia onartu eta aurrera begirako lan hildoak zehaztu genituen.

ETXEBIZITZA, PROIEKTU TXIKITZAILEAK ETA LAN BALDINTZAK

 Gazteon hartean, kezka berezia dago etxebizitzaren eskuragarritasunaren inguruan. Denoi modu zuzenean eragiten digu gai honek eta lanketarako aukera zabala eskaintzen du. Bestalde, garbi dugu oinarrizko eskubidea dela eta ez luxuzko zerbait. Gainera, arazo larri honek, proiektu txikitzaileekin eta lan baldintzekin erlazio zuzena du. Gauzak honela, etxebizitzaren arazoak lanketa iraunkorra izango du eta honen baitan txertatuko ditugu lan baldintzen eta proiektu txikitzaileen lanketak.

 Proiektu txikitzaileengan sentsibilitate handia agertu genuen, sahiesbidearen eta arrobiaren inguruan batipat. Bereziki informazioa herriratzea eta kaltetuenei (lurjabe txikiak etab.) babesa ematea aztertuko ditugu.

KULTURA ETA MUSIKA

 Kultur taldeen harteko harreman gabeziak gainditzea, Uztarria Kultur Koordinadorak sakondu beharreko lana dela uste dugu. Azpeitiko Gazte Asanblada, herriko kultur talde aktibo bat gehiago izango da eta elkarlanerako prestutasun osoa izango du.

  Musikaren alorrari helduko diogu guk, musika talde eragile bat sortuko dugu. Herriko talde ezberdinekin egon eta hauen harteko elkarlana sendotzea izango dugu helburuetako bat. Kontzertuak emateko aukera ere, eskeiniko diegu Gaztetxean, horretarako baliabideak ezarriz.

FESTA HERRIKOIAK

 Udako jaiei begira, festa batzordea garatu eta jai egitarau alternatibo bat osatuko dugu. Helburua, jai herrikoi, parekide eta parte hartzailea osatzea izango da.

KOMUNIKAZIOA

 Komunikazio taldea sendotuko dugu. Web orria aurki sarean izango da eta hurrengo erronka gazte aldizkaria osatzea izango da.

 Azpeitiko gazteon harteko harremanak sendotzeko zubiak eraiki behar ditugu.

EUSKARA ETA FEMINISMOA

 Bi arazo hauei egunerokotasunean saiatuko gara aurre egiten eta Azpeitiko Gazte Asanbladak antolatu ekimenetan, hizkuntz eskubideak eta parekidetasuna bermatzeaz arduratuko gara. Gainontzean, herrian arlo hauetan lan egiten dutenen ekimenak bultzatuko ditugu.

ERREPRESIOA

 Salaketa mailan arituko gara eta unean uneko erabakiak hartuko ditugu kasu bakoitzari aurre nola egin erabakiz.

GAZTETXEAK ETA GAZTE ASANBLADAK

 Herriko gazte gehiagoren inplikazioaren beharra dugu, bakoitzaren nahiaren eta ahal izanaren arabera. Bukatzeko, antolaketa ereduaren inguruan ausnarketa eta hobekuntzak egingo ditugu.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide