Guztiok aski ezaguna dugu Jose Luis Zubizarreta, edo lagunen artean Xubi. Iraurgi SBan zuzendari lanetan jarduten du buru belarri, eta aurtengo saskibaloiko denboraldia amaitzear dagoenez, elkarrizketa txiki bat egiteko une aproposa iruditu zait, bide batez beraren bizitzako kirol ibilbidean izandako esperientziak ezagutzeko aukera ematen baidigu.
Gustokoa izango duzuelakoan, hona hemen Xubirekin izandako solasaldia.
(HARITZ): Kaixo Xubi, aurrenik eskerrik asko zure agendan tartetxo bat egiteagatik eta elkarrizketa hau onartzeagatik. Hau esan ondoren joan gaitezen harirantz.
Zure hasiera saskibaloi munduan jokalari moduan gogoratzen dugu. Baina nola edo noiztik izan zen zure lehen sarrera kirol honetan?
(XUBI): 11 urtekin Valentzira joan nitzen ikasketak egitera, eta orduan egin nituen lagunak saskibaloian jolasten zuten, eta nere lagun haiekin batera saskibaloian jokatzeari ekin nion.
(HARITZ): Jokalari bezela, zein talde desberdin pasatu dituzu zure ibilbidean?
(XUBI): 14 urterarte Cheste-ko Universidad Laboralean jokatu nuen, 14-17 urte bitartean Eibarko Universidad Laboralean, eta 18tik aurrera lehenik Lagun Onak-en eta geroztik Iraurgi SB-en.
(HARITZ): Zenbat urtez ibili zara Iraurgi SB taldean jokalari moduan?
(XUBI): 12 urtez.
(HARITZ): Ze erako oroitzapenak dauzkazu garai haietaz?
(XUBI): Oso onak. Hasieran ilusio haundiz, proiektu bati hasiera ematen. Gerotxoago talde bikain batean parte hartuz, mailaz igoz eta ilusio asko sortzen gure herrietan, geroago entrenatzaile lanetan hasi nitzenean bi lanak batera eraman nahiean, eta amaieran ba entrenatzaile bideari gehiago jarraituz jokalaria izateari baino.
(HARITZ): Hainbeste urtez jokalari moduan egonik, anekdota pila izango dituzuba! Kontatzerik dagoen bat aipatu dezakezu? (Bestelakoren bat ere ausartzen bazara )
(XUBI): Jokalari eta entrenatzaile nintzenean anekdota pila bat ezagutu nituen, baina ez naiz gehiegi gogoratzen. Oso ona hizkuntza inguruan izaten zen, euskeraz etzekiten jokalariak izaten genituen orduan ere eta oso aberatsak izaten ziren hauen eta azkoitiar-azpeitiarren arteko elkarrizketak.
(HARITZ): Gaur-egun osasun ona eduki arren gure herrian saskibaloiak, urte ilun askoak ere igaro ditu. Zer gertatzen zen urte haietan horrelako beherakada izateko?
(XUBI): Jende gutxiren artean gauza asko eta lan ugari egiten genituen. Egoera pertsonalak baldintzatu egiten ditu norberak duen denbora librea zertan pasa. Ezkontzak, guraso izateak eta beste lehentasun batzuk azaldu ziren ordungo lan taldean eta erreleboa ez genuen prestatua, beraz jenderik ez, eta pixkanaka behera egin genuen. Gaur badakigu erreleboa prestatzea dela lehentasunetako bat.
(HARITZ): Orduko Iraurgi SB taldeko jokalariok, zuzendaritzan sartu eta aurre-proiektu sendo bat helburutzat jarriaz lanean hasteko erabakia hartu zenuten. Nola gogoratzen dituzu une haiek?
(XUBI): 2002ko Ekaina zen, eta bilera bat antolatu genuen, baina ez taldea sendotzeko, baizik eta desegintzeko asmotan. Hiru talderi eutsi ezinda eta desegintzeko asmo hori bilera zabal batean azaldu nahi genuen gure historian zehar kide garrantzitsu izan zirenei ere dei eginez.
Desegin partez 25 urteurrena antolatzen hasi ginen eta bilera dinamika hari jarraitu egin genion, eta hemen gaude 6 urte geroago.
(HARITZ): Zer kostatzen zitzaizuen gehien lortzea, laguntzak, diru iturriak, jendearen kolaborazioa....
(XUBI): Jendea da garrantzitsuena, gauzak egiteko jendea behar da, taldeak entrenatzeko, diru eskean ibiltzeko, ideia berriek izateko,.......
(HARITZ): Badirudi orduan eginiko lan guztiak orain ari zaizuela fruituak ematen, espero zenuten gaur-egun Iraurgi SB-ek bizi duen egoera?
(XUBI): Orduan eginiko lanak asko balio du, orduan jokalari ginenak asko eskertu behar dugu saski baloiari hasiera eman ziotenak gure eskualdean. Guk lekukoa hartu genuen eta noski ez genituen lan guztiak ondo egin, gaur experientzi asko daukagu eta baita ere gauza asko egingo ditugu gaizki, baina ordungoak ez ditugu errepikatuko behintzat.
Egoera hau espero al genuen??? Duela 6 urte ez behintzat. Duela 25 urte oso bolara ona izan genuen, talde asko baita, lehen taldea mailaz igotzen, jende asko partiduak ikustera bai etxean eta baita ere kanpora, sorte asko izan genuen orduan talde hartan geundenak, asko disfrutatu genuen eta lagunak ginen. Gaur daukagun abantaila ordungo eskarmentoa da eta noski, dugun egoitza etab......., baina orduan ere Pikua Taberna hartzekotan ibili ginen.
(HARITZ): Talde nagusia kontatuz, 15 talde federatu dauzka Iraugi SB-ek. Horrez aparte talde eskolarrak ere kontatzen baditugu, zenbat lagunez osaturiko familia dugu gaur-egun Iraurgi SB?
(XUBI): Taldeetan eta teknifikazio eskolan 350 jokalari ditugu, eskolarteko txapelketan beste 800 jokalarik hartzen dute parte baina horiek beste kirolak ere egiten dituzte.
(HARITZ): Garai batean nesken helduen talde bat zegoen Iraurgin. Ez duzue faltan botatzen horrelako talde bat?
(XUBI): Nesken helduen taldea oso urte gutxitan egon da Iraurgin, baina erabakita daukagu 2009-2010 denboraldirako talderen bat edukiko dugula. Datorren urterako zaila ikusten dugu, baina gure asmoa da urtero mailaz igotzen hastea eta ea noraino iristen garen.
(HARITZ): Esan daiteke gazteekin egiten den lana dela Iraurgik duen arrakasta horren meritu zati haundi bat?
(XUBI): Arrakastaren meritua bakarrik ez, gure lehentasuna ere bai, horiek dira gure etorkizuna, bai jokalari gisa edo entrenatzaile, zuzendariko kide, etab......
(HARITZ): Orain urte gutxi EBA mailara igotzea lortu zenuten. Hori izan zen zure egunik zoriontsuena zuretzat kirol munduan? Edo baduzu besteren bat?
(XUBI): Saski Baloian nere egunik zoriontsuenak jokalari moduan esango nuke izan direla. Gazteago zara, eta gehiago disfrutatzen dituzu, bestela nere egunik zoriontsuenak eta gogorrenak entrenatzile moduan izan dira, baina hainbeste dira..............., eta igoerako eguna neurketa irabazi eta gero lasaitasun haundiakin bizi izan nuen, oraindik ez bagenekien igotzeko beste baliabideak lortuko genituen ala ez, beraz ez zegoen ezer eginda.
(HARITZ): Aurten, Brontzezko liga maila berria sortu zuten eta badirudi Iraurgi eta beste hainbat talde ere kaltetuak izan zirela honen ondorioz. Ze iritzi duzu honi buruz?
(XUBI): Lotsagarria da egiteko era. 30.000 ipintzeko prest daudenak Leb bronzen jolasten dute, denera 540.000 espainiko federazioarentzat, eta beste batzuk mailaz jaitsita, nola nahi duzu ba onartzea. Madrilen izan nintzen gai honetaz protesta egiten eta espainiako federazioan sartu ginen eta handik ez ginela aterako presidentearekin hitz egin gabe. Hitz egin bai baina kasurik ez eta aurpegira parre. 80 talde gara EBA ligan espaini osoan, Madrilera joan ginenak 5, zer nahi dezu ba egitea gu bostok bakarrik.
(HARITZ): Beti bezala dirua nagusi?
(XUBI): Egia da diru asko behar dela, gure kasuan gehiago zeren EBA ligako bidai luzeenak guk ditugu, bi talde euskaldunak, baina prozedura da gehien min ematen duena.
Guri esan ziguten baina nola ez ginen igotzen, guk daukagun afizioarekin, polikiroldegiarekin etab......... aproposa zela guretzat, baina aurrekontua hirukoiztu egingo zen gutxi gorabehera eta orduan zer egin behar dugu, udaletxera joan eta maila honetan jokatzeko aukera dugu eta diru gehiago behar dugu baina igoera administratiboa, ni alkatea izan eskero erantzugo nuen zergatik ezdek eskatzen ACBn plaza bat eta guri dirue eskatu. Beste gauza bat igoera lortzen baduzu partiduak irabazita, orduan zu zuzendariko kide bezela derrigortuta zaude saiakera egitea, dirua lortzen, eskatzen diren azpiegiturak eskatzen etab....., baina nik ez det igoera administratiborik nahi.
(HARITZ): Iraurgi SB talde nagusiaren aurtengo denboraldia bukatzear dago eta ez dirudi erraza dagoenik play-offetan sartzeko. Nola ikusten duzu zuk?
(XUBI): Arazo asko izan ditugu denboraldian zehar, eta ez, ez dugu igoera faserik jolastuko.
(HARITZ): Iraurgi-ren jarraitzaleok kanpotik dugun iritzia nahiko denboraldi irregularra eraman duela da. Ikuspuntu berdina daukazu? Hainbat jokalarien lesioak zerikusia izan du?
(XUBI): Dudarik ez, amaieran, lesioak zerikusia izan duela, baina lehen itzulian ere, irabazi beharreko neurketak galdu genituen, batibat etxean eta sailkapenean atzekaldean dijoazten talde batzuen aurka.
(HARITZ): Imajinatzen dut hurrengo denboraldiaz ere hasiak izango zaretela pentsatzen. Etxeko jokalariek izango dute beraien aukera, edo atzerritarrak izango dira nagusi?
(XUBI): Etxeko jokalariak pixkanaka sartzen joan behar dute taldean, baina maila honetan ez pentsa etxeko 4 edo 5 jokalari minutu askorekin ikustea, oso maila haundia baidago. Bestalde oso garrantzitsua da guretzat bigarren senior taldea autonomika mailan izatea. Senior adinera iristen diren jokalariak (belaunaldi politak ditugu hemendik aurrera) beraien progresioarekin jarraitu behar dute, Lan Mobel taldean benetako parte hartzea izateko eta horretarako maila egokia da autonomika. Pentsa, 2002 urtean gure lehen taldea maila horretan zegoen.
(HARITZ): Aitor Uriondo dugu oraingoz entrenatzaile, baina hainbat pasa dira aulki horretatik. Aipatuko zenidake bereziki miresten duzun bat? Eta zergaitia mesedez.
(XUBI): Mirestu inor, baina denak utzi dute bere arrastoa. Bat aipatzerakoan Lolo aipatuko nuke, berarekin mailaz igotzea lortu genuen eta benetako lagun horietako bat izan da eta da guretzat.
(HARITZ): Aii gure Lolo, orain Bruesan dugu Laso entrenatzailearen laguntzaile, ea hoiek ere sorte piska batez igotzea lortzen duten ACB-ra. Eta gurearekin jarraituz, Uriondo entrenatzailearekin konta genezake datorren denboraldirako?
(XUBI): Hitzegiten gabiltza, oraindik ez degu zehaztu ezer.
(HARITZ): Badakit zuk entrenatzaile karneta aterata duzula. Ez zara animatzen Iraurgi entrenatzera?
(XUBI): Entrenatu egiten det, Lan Mobel taldea ez, baizik beste hainbat mutil eta neska. Nire lana hobeagoa dela iruditzen zait hainbat arlo desberdinetan, baita entrenatzen ere baina baita beste gauza pila bat egiten. Lan Mobel taldea entrenatu beharko banu, buru belarri sartuko nitzake horretan eta etzaigu iruditzen hori ona izango zenik klubarentzat.
(HARITZ): Lehen aipatu bezala, gaur-egun osasun onez aurkitzen da zorionez Iraurgi elkartea, baina pentsatzen dut hainbat ostopo jarraituko duzuela gainditzen. Aipatuko zenidazke ostopo batzuk?
(XUBI): Ostopo handienak dira:
· Dirua lortzea.
· Entrenatzileak aurkitzea, maila dutenak, eta pixkanaka herriko jendeari mailaz hobetzen laguntzea.
· Entrenatzeko lekuak aurkitzea.
(HARITZ): Badago herrian jendea lagundu edo kolaboratzeko prest? Erraz aurkitzen dituzue?
(XUBI): Aurkitu egiten ditugu, baina jende pila bat behar da egiten ditugun gauza guztiak egiteko, gauza txikienak ere egitea eskatzen du, eta horretarako norbait behar da. Erraz ez ditugu aurkitzen, baina dugun jendea txapela kentzeko modukoak da, horretan munduan aberatsenak gara, eta pixkanaka jende gaztea ere erabakiak hartzen diren tokietan egon behar du.
(HARITZ): Hasieran aipatu dut jokalari moduan hasi zinela. Iraurgiko presidente ere eduki zaitugu, eta orain zuzendari kargua duzu. Gustora sentitzen zara bizitzak emandako lan honekin?
(XUBI): Hitzekin ezin dut esan nik sentitzen dudana, ez dago hitzik nere sortea nolakoa den azaltzeko.
(HARITZ): Amaitzear gaudenez elkarrizketa txiki hau, egin dezagun amets piska bat. Nola ikusi nahiko zenuke Iraurgi SB hemendik urte batzuetara?
(XUBI): Gehiago sendotuta, akats gutxiago eginez, bertako entrenatzaile gehiagorekin eta baita ere Lan Mobel taldean bertako jokalari gehiagorekin.
Baina dena ez dago gaizki, duela 6 urte galdera hau egin bazidaten, ez nuke inoiz pentsatuko gaurko egoeran egongo ginela.
(HARITZ): Zerbait esan nahi duzu, edo esan nahiko zenioke herriko saskibaloi zaletu guztiei?
(XUBI): Eskerrak eman, zaletuen arabera lortu beharko bagenu igoera, ACBn egongo bai ginateke.
(HARITZ): Mila esker galdera hauei erantzuteagatik Xubi, eta segi lanean gogor, herriak eskertzen baidizu.
Blo pertsonala: ibarzabaltxokoa