Ihauteriko kexak ahoz-aho

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Ibarzabal 2009ko mar. 4a, 14:03

Idatzi honekin ez nuke nahi surik piztu herritarren artean, baina neure ikuspuntua agertzea gustatuko litzaidake eta bide batez gauzak argitzeko balio badu hobe, ezta? 

Ihauteriak amaitu eta hurrengo egunean Uztarrian ezarri zuten idatzian “Mozorro eta zezen festari agur” izenpean, hainbat herritarren kexa egon ziren mozorroen sari banaketa kritikatuz, zalantzan jarriaz irabazleak aukeratzeko modua eta baita ere zenbait sari murriztuak izan zirela gogoraraziaz.

Musikari buruz ere kexa ugari irakurri nituen, eta gehien aipatzen zutena astearteko egunez zezenaren hiletan Txarangarik ez zela egon zen, dirudienez udaletxeari diru faltaren ondorioz.

Ba orain nik ere neure iritzia eman nahiko nuke, eta mozorroekin hasiko naiz. Nork merezi duen saria erabakitzea oso zaila izango dela iruditzen zait, eta aukeratzeko modu desberdinak jarrita ere beti egongo gara norbaitzuk ados sentitzen ez garenak, zorionez inor ez baigera mundu honetan izaera edo gustu berdinekoak.

Baina sari murrizketen kontua beste gauza bat da, hemen ez dago sistema konturik, sari ugari jartzen dituzu edo gertatu den bezala justukoak banatzen dira. Ni ere sari ugarien aldekoa naiz eta ez aurten erabaki den bezala. Gehienok ez gara sari potoloen zain egoten, baina adibidez kexatu diren horiek agertu duten bezala ba afaritxoren bat, edo herriko dendaren batean zerbait erosteko baletxoren bat, edo mp4 bat…. mila horrelako detaileekin gazteok eskertzen dugu, eta ez zait iruditzen diruaren arazoa denik Azpeiti bezelako udaletxe batentzat.

Eta dirua aipatu dudanez, astearteko txarangaren eztabaidarekin noa orain. Aurrekonturik ez zegoelako kendu omen zuten astearte ilunabar aldera ospatzen zen zezen hiletako txaranga. Hau horrela bada guztiz tristea iruditzen zait, herriko txaranga bati ordaintzeko dirurik ez edukitzea udaletxe batek festetan. Beste arrazoiren bat ez badago behintzat kexatzeko modukoa da, eta bestela, mesedez guzti honen arduradunak idatzi dezala lasai gure hitzak okerrak badira.

Beste pare bat kexa ere entzun diot egun hauetan herriko jendeari, eta hauek ziren: Zezena kaleetan zehar dabilen bitartean ez dela garai batean bezala musikarik egoten altabozetatik, eta beste kexa ba gau-pasean plazako kioskoan ere kontzertu taldeak kendu egin dituztela azken urte hauetan. Garai batean Egan edo antzekoren bat beti egoten zen gaua animatuaz. Egia da bai bi katu egoten ginela beraiei begiratuaz, baina orain kendu digutenean faltan botatzen dugu, beti jartzen baizuten beraien saltsa.

Baina gaizki jakinda ez banago hauen arazoa ez da diru faltarena, baiziketa zenbait herritarren kexaren ondorioa. Dirudienez hainbat herritar kexatu ziren zezeneko garaian altabozetako musikak molestatu egiten zietela (siestarako izango zen), eta gau-pasako plazako taldearen kasuan berdin, eta arazo hau honelaxen konpondu zuten, gauzak kenduaz. Gai honetan udaletxeak baino erru gehiago zenbait herritarrok dugu. Urteak 365 egun ditu, eta horietatik 6 egun besterik ez dira izaten festa egunak, egun horiek jasateko prest ez dagoenak eta horrenbeste molestatzen badio musikak (zer eta musikak!!) ba pisu bat erosi dezala mendian naturaren doinuak entzunaz, baina herriko alderdi zaharrari utzi mesedez bere bizitasuna mantentzen.

Gero nahi dugu festetan herriko gaztea bertan geratzea kanpora irten gabe!! Bide hau jarraitzen baduguu….

Blog pertsonala: ibarzabaltxokoa

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide