Musukodun hautetsontziak

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2020ko uzt. 16a, 23:31

Herritarren ahotsa entzutea da herri demokratiko ororen funtsa. Entzute horren gurtze gorenena, boto bidezko hautaketa aske eta nohizbehinkakoetan gauzatzen da. Azken urteotan hain ohikoak zaizkigun hauteskundeetan, hain zuzen ere.

2015eko abenduaren 20an kokatzen badugu geure burua, Rajoy presidenteak gehiengo osoz, eroso kudeatu zuen lehen agintaldiari amaiera eman zioten hauteskundeetan aurkituko gara. Bipartidismoaren amaiera zen hura, alderdi berri deiturikoen agertze eszeniko itxaropentsua. Madrilen, urte batzuk lehenago, krisi finantzieroaren ondorioz kalean sumatzen zen haserrea, unibertsitate giroko zenbait jendez osatutako taldeak bildu zuen eta Iglesias irakaslea buru izango zuen alderdi morea jarri zen martxan. Bestalde, Katalunian nazionalismoari aurre egiteko heinarekin jaiotako alderdi laranjak ere bere proiektua estatu mailara zabaldu nahi zuen. Zazpi aldiz deitu gaituzte ordudanik gure ordezkariek hautetsontzietan gure iritzia azaltzera, lau aldiz estatu mailan (bina errepikapen barne), bi aldiz EAEn eta 2019ko maiatzean Europako zein udal hauteskundeetan. Erritmo frenetikoa, inondik inora ere.

Emaitzei botatako lehen gainbegiradan, bi ondorio garbi atera daitezke igande gaueko emaitzetatik. Lehena, abstentzioarena eta parte hartzearena da, nire ustez. Arestian aipaturiko hauteskunde enpatxuak herritarrengan eragin duela ukaezina da, hauteskunde prozesu hau pandemiaren ondorioak oraindik azalpean ditugula deitu izan dela ahaztu gabe, noski. Hauteskunde batzordeak guztion osasuna bermatzeko-edo hartu beharreko neurriak ugariak bezain beraien konpetentziez haratagokoak izan dira. Izua eta ziurgabetasuna nagusi izan ziren igande aurreko egunetan, eta birusaren berragertze zenbaitek parte hartzean eragin zuzena izan zuen. Emaitza, gainontzeko aukeraketekin alderatuz, jende kopuru eskasaren iritziz aukeratutako legebiltzar anitza dugu

Bigarren ondorio nagusitzat, abertzaletasunak lehendik Gasteizko legebiltzarrean zuen gehiengoa handitu egin duela nabarmenduko nuke, ganberako bi alderdien eserleku kopurua zabalduta. Euskal herritarrek estatu mailako alderdiekiko erakusten duten urruntasuna are eta ugariagoa da urteak aurrera joan ahala. Euskal politikaren idiosinkrasia beti berezia ez ulertzea, autogobernu eta kudeatze modelo autoktonoak irmoki ez babestea edota diskurtso jadanik zaharkituen erabilera pobreaz elektoralki aberasten saiatzea dira alderdi estatal horien galbide nagusiak.

Gaueko galtzaile nagusia Podemos-Ahal Dugu izan zen. Espainiako koalizio gobernuan duten presentzia garesti ari zaie ateratzen duela urte batzuk boterearen kiratsa eta alde iluna baztertzen eta sutsuki salatzen zuen alderdiko partaideei. Alfonbradun bulegoek zein gorbatadun enpresari eta agintariekin izandako hartu-emanek eragina izan dute beraien diskurtsoaren egiatasunean eta berau mantentzen eta hazten jarraitzeko intentzioetan. Horretaz gain, beraien estrategia politikoa gauzatzeko eskuak loturik izaten dituzte askotan, Europaren begiak zein enpresari bilguneak eta eragileak gainean baititu Sanchezek, bere koalizio bazkideak hanka noiz sartuko duen zain. Lider morea protagonista izan duten azken polemikak dira horren erakusle. Herriarekin sinergiak eraberritzea eta alderdi estruktura sendoa sortzea dira beraien erronka nagusiak. Gainontzean, Riveraren bidea jarraitu beharko du presidenteorde bigarrenak.

Casadoren lagunek, inkestek aurreikusten zieten gainbehera jasan duten arren, aukera handirik ez dute izango beraien eraikin eraitsia berreraikitzeko. Sufrimenduaren erabileran eta alderdiak garai latzetan izandako jarrera ustez epikoan zentratutako diskurtsoek ez dituzte erakartzen belaunaldi gazteenak. Memoria lausotu den garaiotan, lurperatutako gaiak argitara ateratzeak ez du sari elektoralik. Voxen agertzeak, gainera, beraien errelatua birrantolatzera bultzatzen ditu, eta lehenik beraiena zuten tarta zatia ahate itsusiarekin konpartitu behar dute.

Gauzak horrela, badirudi denbora tarte batean ez dugula ostertzean hauteskunde prozesurik, prekanpaina etengabe batean bizi garenaren sentsazioa oso hedatua dagoen arren. Etorkizunean begiak jarrita, bi alderdi abertzaleen arteko koordinazio edota ulertze maila handiagoan jarriko nituzke nik arreta eta esperantza. Herri honen heldutasunaren termometro paregabea izango da estatutu berriaren adostea eta osatzea. Bakoitzak bere kartak erakutsi beharko ditu, subiranotasunaren auziak hauteskundez hauteskunde sentsibilitatea ugariago topatzen dituelarik. Iritzia adierazi dugu, orain politikari dagokio nahi horiek haragitzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide