39. Euskal Antzerki Topaketak

Biba teatroa!

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2021ko aza. 15a, 08:50

Edward Hopper estatubatuarraren 'Two comedians' lana.

Ignacio Arakistainek Antzerki Topaketen bukaera dela-eta idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ezagutzen nauenak badaki bai, nire jaioterriaz oso harro nagoela eta ahal dudan guztietan aldarrikatzen ditudala lau haizetara gure indargune, berezitasun eta ezaugarri propioak. Demokrazia jaio berria finkatze bidean zela, 1983an, sortu ziren Euskal Antzerki Topaketak, eta ia 40 urte beranduago, euskal teatroaren ekosisteman ezinbesteko zita bihurtu dira. Hilabete batez euskara hutsean antzerkia eskaintzea, horixe zen zikloa sortu zutenen helburua, herrian Antxieta taldearen eta Imanol Elias zenaren –momentu hartan herriko alkatea– eskutik bizi zen antzerki zaletasuna areagotzeko intentzioarekin. Gogoan ditugun Pilar, Imanol, Iñaki, Kontxu eta beste hainbatek protagonismo nabarmena izan zuten topaketen lehen urrats haietan. Ume moko bat nintzenetik eta Alaitz Olaizolaren eskutik taula gainera igotzeko aukera izan nuenetik, beti gerturatu izan naiz Soreasu zaharrera lehenik, Izarraitz pilotalekura ondoren eta parrokia atzeko antzoki eraberritura orain, hain erakargarria iruditzen zaidan disziplinaz gozatzera eta gure herria are bereziago egiten duen zikloa babestera.

Hamabost edizio baino gehiagoz, lan eta pieza anitzak ikusteko aukera izan dut. Gogoan ditut bai, Lakrikun taldearen antzezlanak eta AJE trilogiaren barre algarak, nerabe taldearekin ikasleentzat egiten genituen emanaldiek eragiten zizkiguten poza eta urduritasuna, emakumeen antzerki tailerreko istorio gogoangarriak eta herriko sortzaile gazteek azken urteetan aurkeztu dituzten lan ausart eta pertsonalak. Bota patsa, Hnuy Illa, Euskarazetamol, Errautsak, Moby Dick, Zertarako hegoak?, Francoren bilobari gutuna, Mami Lebrun eta beste hainbat eta hainbat antzezlanek barrenean eragindako lurrikarak ez zaizkit inolaz ere ahaztu, Matxinada herri antzerkia aurrera ateratzeko eginiko esfortzuak pena merezi izan zuela sentitzen dut, eta memorian iltzatuta ditut Gaztetxean eginiko ziklo alternatiboko obrak, udaletxeko ganbaran ikusitako formatu txikiko proposamenak eta teloia itxi ondorenean, zerbeza eta anekdota artean bizitako une ugari.  

Kontziente naiz kronika honi nostalgiak dariola, baina gaurkoan amaitutzat jo dugun zikloaren 39. edizioa itxi duen lanari buruz ere esan beharko da zerbait. Joxean Sagastizabalen Kutsidazu bidea, Ixabel ezagunari buelta bat eman nahi izan diete Demode Quartet taldekoek, jada film eta antzezlan bihurtua, musikal batean bilakatuz. Produktu landua ontzea lortu dute, arlo musikalean batik bat. Zenbait erreferentzia eta istorioaren ertz ez dira oso egokiak, ordea, eta nobelan kontatzen denari, balio zenbaiten garrantzia transmititzeko asmoarekin itsatsi zaizkion atalek ez dute bere funtzioa hain ongi betetzen. Gainontzean, ikuslegoari gustagarria izan zaion lanak pasarte musikal finak ditu –antzematen da Demode Quarteten esperientzia zabala– eta euskaldunoi hain gertukoa zaigun istorioa azaltzeko oraindik beste hainbat modu badaudela erakusten digu.

Urtebete barru, XL. edizioa jarriko da martxan. Herritik kilometro askotara izango naiz ni, fokoak pizten direnean gertatuko dena galtzeak eragindako penarekin eta herritarrok sortzaileei, beti egin izan duzuen moduan, babes izugarria erakutsiko diozuenaren konbentzimenduarekin. Bizitza luzea opa diet Euskal Antzerki Topatekei eta teatroaren zaletasuna zainetan daramagunoi!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide