Kepa Susperregiri, esker onez

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2024ko urr. 11a, 08:40

Kepa Susperregi, artxiboko irudian.

31 urteren ostean Azpeitiko erretore kargua uztear den Kepa Susperregiri zuzendurik Ignacio Arakistainek idatzitako esker testua da honakoa.

Badira geografikoki mugatuta dauden zonaldeak herri bihurtzen dituzten pertsonak. Herrigintzaren akuiluz, giza talde bat kohesionatuagoa bilakatzen duten gidariak. Horretan aritu da azken lau hamarkadetan Azpeitiko Parrokiari agur esatear den Kepa Susperregi apaiz eta erretore errenteriarra. Errenteriar bezain azpeitiartua, hobeki esanda, bere amaren lorratz urrestildarrek zein gure herrian emaniko bizitza heldu ia guztiak horixe bera adierazten baitigute. Orain urruna dirudien 1985. urtean iritsi zen Kepa gure artera eta 1993tik bere gain hartu ditu Soreasuko Sebastian Deunaren elizako erretore lanak. Bizitza oso bat Izarraizpean, alajaina. Heldu zaio, ordea, jatorriz itinerantea den Elizari bere ekarpenak beste toki batetik egiteko unea. Izango du aldatze eta mugitze horrek ikasketatik, hazi berriak ereitetik. Gure lurretan franko uzten du landatua eta testu honek badu eskertza bokazioa.

Ezin ukatu frankismo osteko lehen urte haietan gure herriak ez zuela egun ezagutzen dugun Azpeitiarekin zerikusirik. Ugaria izan da urteotan aldatu dena arlo politiko, ekonomiko, sozial zein espiritualean gure karriketan. Trantsizio eta moldatze horren gertuko testigu izan da Susperregi. Gazteak izanik, futbol kontuetan zein herriko aisirako talde zenbaitetan parte hartuz ekin zieten beraien ibilbideari berak zein berarekin azpeitiartu zen Patxi Aizpitartek. Garai hura ezagutu ez genuenoi ere iritsi zaigu, bai, bi apaiz haiek herriko kristau komunitatean txertatutako freskotasun, gertutasun eta modernitate kutsuaren berri. Pastoraltza ardatz hartuta, Azpeitiko kristau komunitatearen beharrak entzuten eta bere ale propioa dedikazioz eskaintzen igaro ditu azken berrogei urteak Kepak. Komunitatea elikatuz zein komunitatearen eta herriaren arteko elkarguneak modu naturalean indartuz. Ez baitu Susperregik inoiz aterik itxi, krisketarik tira edota diferentearenganako mespretxurik erakutsi. Dena zaratak hartzen duen mundu zital honetan, zubiak eraikitzeari eman dio orain arteko apaiz bizitza. Izan ere, izan da fededunontzat aterpe, aholkulari eta entzule apal. Baina izan da, baita ere, fede kristaua arrotza zaionarentzat erreferente, beti aurkitu izan baitu berarengan errespetua eta jarrera eraikitzailea. Elizak inposatu baino lagundu eta gidatu egin beharko lukeenaren konbikzioak bere bidea blaitu duela esango nuke. Ezingo dut, arlo pertsonalean, inoiz ahaztu zenbait momentu latzetan beronek eskainitako kontsolamendu errukiorra.

Aipatzeko modukoak dira, halaber, gure herriaren baitan buruturikoak. Hala nola, oraintxe bertan testu hau jasotzen duen Azpeitia Gukako –iraganeko Uztarria– hastapenetan hileroko aldizkarian eginiko ekarpenak. Edota sansebastianetako goizeko danborradan eliza barrenean egiten den emanaldiari hasiera eman izana. San Martin egoitzaren bueltan, hezkuntza komunitateari eskainitako babes etengabean edota behartsuenei emandako laguntza erabatekoan ikus daitezke bere zeharraldi bitalaren zenbait ezaugarri. Badoa orain kalean beti adeitsu agurtzen zintuen hura, barre txikiz bere izaera lotsati eta ugaritan erreserbatua ezkutatzen zuena. Geldituko dira Azpeitian egiteko modu bat, inpronta oso pertsonal eta ukaezin bat. Egitearekin kezkatuta gabiltzan orainaldi narrats honetan, bilatu du Kepak bigarren plano batetik, akonpainamendu lanetan, herrigintza ia disimulatu baten ikur eta eredu izateko zirrikitu bat.

Izan bekizu gozoa datorkizuna, Kepa. Esker mila, bihotzez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide