Pedrori, bihotzez

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2024ko abe. 25a, 20:22

Pedro Illarramendi 2007ko Danborrada jaialdian danborrak zuzentzen Izarraitz pilotalekuan. (Nerea Uranga)

Zendu berri den Pedro Illarramendi Marttueren omenez idatzitako lerroak dira honakoak.

Badugu gizakiok iragana idealizatzeko joera harrigarri bat. Unean arrunta zitzaiguna perla bilakatzen du denboraren igaroak. Pedro Illarramendi Marttue hil dela jakin bezain pronto, gomutan izan ditut 2020ko urtarrilaren 19an elkarrekin elkarbanatutakoak. Gau berezia izan zen, zinez. Orduan galdetu izan baligute erantzungo genukeena baino are espezialagoa. Bi hilabete eskasean, denok geunden gure etxeetan zerraturik. Pedrok, zoritxarrez, ez zuen azken urteetan gogoz astintzen zuen danborrik gehiago joko; eta, nire aita zenak ere ez zuen astinduko berriz gaztarotik taldea zuzentzeko erabilitako makila. Neu ere, bestalde, ez naiz bueltatu San Sebastian bezpera batez udaletxeko balkoira, duela ia bost urte lehendabizikoz egin genuen zuzeneko hori burutzera. Denbora apurrean, guztia aldatua, beraz. Akorduan dut zer-nolako ilusioz hartu zuen Pedrok gure proposamena eta zeinen pozik agertu zen udalbatzar areto atzeko bulegoa ezkutatzen duen zurezko atearen ifrentzura. Berea izan du danborren festa, berea musikarekiko maitasun erabatekoa.

1957an antolatu zen estrainekoz haurren danborrada gure herrian. Acción Católica eta gisako taldeetan barreiaturik zen ordurako Illarramendi, herrigintza eta komunitate gosez. Donostiatik herriratutako Cecilio Arabaolaza eta Baltasar Iglesias apaizen ideiari gogoz ekin zieten garaiko zenbait gaztek. Ez omen zen espero bezain arrakastatsua izan lehen hura. Jendearen indiferentzia, batetik; euria etsai goian zein behean, bestetik. 1958an burutu zen, oraingoan fortuna apur bat gehixeagorekin, umeen bigarren danborrada eta jarraian, 1959an, Azpeitiko helduen lehen danborrada izango zena. Oñatzbideko gastadoreak –garaitik festan jarraitzen duen talde bakarra–, Oargi Kultur Elkartekoak, Illarramendi beraren zuzendaritzapean, eta Peña El Andaluz, Bixente Beloki zuzendari zutela. Han jarri ziren egun ia bi mila pertsonen festa eta alaitasun gogoak batzen dituen artefaktuaren lehen harriak. Diktadura beteko urtarril gogor haietan aise heldu beharko zieten lehen urteetan duda-muda eta gatazka hainbati. Baldintza klimatologikoak, egoera politikoa; zenbait urtez ezin izan zen danborradarik ospatu herrian.  Ereiten aritu ziren lehen horiei zor diegu hasieran idorra zirudien lurretan beraien ideiari tinko eutsi izana, fruituak noiz etorriko zain. 1965ean, Landeta taldera egin zuen salto zendu berri den Illarramendik, eta ondoren, bere betiko kuadrillarekin Alkartasuna izenpean sortutako taldean irtetzeari ekin zion. Han ere, zuzendari lanak burutuz. 2007an, Izarraitz pilotalekuan ospatu zen Azpeitiko Danborradaren 50. urteurren ekitaldian, talde guztietako –heldu zein haur– danbor joleek osatutako konpainia zuzentzeko ohorea izan zuen. Barrika zuzentzen Manuel Altuna Kanpaxa aritu zen, gure danborradako beste izen propio bat.

2009an, helduen danborradak urrezko ezteiak betetzen zituela eta, zuzendari makila eskuz aldatzea erabaki zuen. "Nire betiko ilusioa danborra jotzea izan da", halaxe zion berrogeita hamar urtean artaldea gidatzen aritu zenak. Ez baitzen danbor kontuetakoa zuzendu behar izaten zuen jende talde bakarra.

Organo-jotzaile lanetan hasi nintzenean, ongi gogoan dut Pedrok parrokiako koruan eskainitako harrera beroa. Julian Barrenetxea organista eta konposatzailea zenarekin tiple gisa aritutakoa bere haurtzaroan, abestea eta musikarekiko maitasuna ardatz izan ditu bere bizitza zidorretan. Berrogei urte betetzear den Julian Barrenetxea Abesbatzaren sorreran inplikatua; abeslari, zuzendari, juntakide eta beste hainbat lanetan aritu izan da. Hala nola Gipuzkoako Abesbatzen Federazioan eta beste zenbait foro eta musika elkartetan.

Itzultzen naiz, lerrook ixteko, pandemiaren urte beltz hartako urtarrilera. Pedrok ahoan zeraman, eta berez berea zuen irribarre zuri eta gozo hartara. Alabaren altzoan, azpeitiarrok beraien lehen ahaleginei nola heltzen jarraitzen diogun ikusita ateratzen zitzaion pozkario eder horretara. Zure omenez zein hastapenetan lagun izan zenituenen oroimenez, Pedro, jarraituko du festak hazten eta sendotzen!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide