Garai krudelak bizi ditu formak. Muina, mamia, ardatza. Edukia da, finean, gaur egun saritzen dena. Irudi lezake sare sozialen bokazio espansionistak indarra kendu diola erretorikaren botere pertsuasiboari. Formaren beraren esanahia izan da trukatua, baina. Horixe da zinema aretoetan azken boladan ikusi dudan artefaktu bikainena amaitu ostean burura etorri zitzaidana. Film luze txundigarria da The brutalist, eraikin baten –zein pertsonaien arimen– eraikuntzari loturiko zinta brutala. Eraikuntzaz nire alea ere, formaren sublimazioaz.
Bigarren Mundu Guda amaitu osteko egunetan, arkitekto hungariar baten exodo amerikarra du kontagai filmak. Migrantearen kanpo –zein barru– bidaiak bikain marrazten dira estetika puruz blaituta dauden fotogrametan. Diseinua eta 50eko hamarkadan hormigoiari balio gorena eskainiz loriatutako estilo brutalista baliatzen dira, egun galtzorian dauden egiteko manerak plazaratzeko. Denak behar du bizkorra gaur, kontsumo azkarrekoa, fast food erabatekoa. Edonolakoa, beti informalista, ugaritan zaztarra. Ahaztua da elegantzia, fintasuna, gustu deitua. Zinemaren magia, formaren erreskatean.