Auzolagun berriak iritsi dira azken aste honetan gure etxepera. Hogeita hamabost urte inguruko emakume sendo bat eta bere semeak izango direla suposatzen dudan bi mutiko. Zortzi eta hamar urte inguru izango dituzte gutxi gora behera. Beltzak dira hirurak. Atarian ikusi ditut jolasean bi anaiak lehen egun hauetan, larruzko baloi bat elkarri pasatuz, aspertu samar, leku berrira egokitu eta seguruenik lagun berriak egiteko irrikaz.
Eta, irudimenaren makina martxan jarriz, beraien iragana eta etorkizuna irudikatzen saiatu naiz.
Iragana
Brasilgo hegoaldekoak dira izatez, nekazaritzatik bizi den herri txiki batekoak. Baina, txirotasunak eragindako larritasunak estututa, dena atzean utzi eta gertuen duten hirira joatea erabaki dute azkenean, Porto Alegrera, han bizi baldintzak hobeak izango direlakoan. Hiriaren kanpoaldeko barriada amaigabeetan jarri dira bizitzen, lehenago beste milaka familiek egin duten modu berean.
Kostata izan bada ere, bi mutilen aitak lana aurkitu du hiriaren bestaldean, lujuxko etxebizitzak egiten ari diren eraikuntza enpresa batentzat. Hamabi orduko lan eskerga egin behar du aitak, Astelehenetik Larunbatera. Dena ondo atera da lehen hilabeteetan baina, afaritarako bere zain zegoela iritsi zaio berri txarra emazteari: senarra hogeita hamar metroko altueran masa zabaltzen ari zela, zulo batetik erori eta bertan hil da. Doluminik bero eta sentituenak eskaini dizkio enpresak, baina ordainetan zosik ez dute ikusiko familian, enpresa ez baitago behartua fijo egin gabeko langileei ezer ordaintzera. Emazteak handik irten eta atzerrira abiatzeko behar larria sentitzen du orduan, barruko zerbaitek inguru horretan etorkizun ilun eta makur bat besterik lortu ez dezaketela esaten baitio.
Horrela egin dute ospa Porto Alegretik ama eta bi semeek, aurreztutako diru apurra eta pare bat maleta soilik hartuta bidai lagun, nonbaiten bizitzaren alde zoriontsuena ezagutuko duten esperantzaz beterik. Etorkizuna
Horrela iritsi dira hirurak Euskal Herrira, Gasteiza lehenbizi. Bertako Gobernuz kanpoko erakunde batek lagundu die bereziki, paperak legez jarri eta amari zer lan mota aurki ditzakeen azalduz. Eta, beste buruhauste eta zailtasun batzuk pasa ondoren, Azpeitira heldu dira. Bidaiatzen nazkatu dira dagoeneko eta bertan sustraiak bota nahi dituzte. Ama supermerkatu batean hasi da lanean eta euskaraz hitz egiten ikastea komeni zaiola nabaritu du. Semeek ez dute arazo hori izango, eskolan eta lagunartean ikasiko dute.
Eta hemendik hogei urtera? Zertan izango da bi mutilen bizitza hemendik hogei urtera? Bietan zaharrenak serio aurpegia du, bere bete beharrak ondo betetzen dituen mutikoa dirudi. Ikasketetan ondo joango zaiola aurreikusten dut, eta bizitzan zorte pixka bat badu, magisteritza ikasi eta irakasle egingo da. Zer irakatsiko duen? Auskalo. Agian euskaltegi batean ariko da lanean, atzerritar berriei berari horrenbeste ikastea kostatu zitzaion euskara irakatsi nahian. Irakasle ona izango da, ziur.
Eta zer izango da anaietan gazteena? Bai, bai, keinu bizkor eta berritsu aurpegia duen horixe bera. Baloia jotzerako orduan, gorputza egoki jartzen du eta norabide egokietara botatzeko erraztasuna nabari zaio. Errealean jokatzen ikusiko dugu hamar edo hamabi urteren buruan? Edo saskibaloia aukeratu eta Tau Baskonian jokatzen ikusiko dugu? Batek daki. Mutil eder eta altua izateko bidean da eta, uste baino lehen, Azpeitiko neska gazte baten bihotza bereganatzeko bidean izango da. Leire izango da agian mutil beltzaranarekin maiteminduko dena, edo Maitane, edo Alazne. Hiru edo lau ume izango dituzte seguruenik, beltz- beltzak ez baina, zuri-zuriak ere izango ez direnak. Zoriontsu izan daitezela.
Oraina
Afaldu eta gero, leihotik atarira begira jarri naiz. Hor daude bi mutilak, baloiarekin jolasean. Baina zerbait aldatu da, zorionez. Ez daude bakarrik. Hasierako lotsa eta beldurrak utzi eta auzoko gainerako neska-mutilekin ari dira jolasean. Barre eta algarak entzun daitezke. Ez da seinale txarra.