Larunbat gauak

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2007ko aza. 5a, 16:11

Larunbat gau batean edozer gauza gerta daiteke. Edo, modu zehatzagoan esanda, edozein pertsonarekin hitz egiten amai dezakezu. Gauaren hasieran gutxien uste zenuenarekin berriketan.Berrogeita hamar urteko gizon bat izango da agian. Ez duzu sekula hitzik gurutzatu gizon horrekin eta badakizu Astelehen soil bat izan balitz ez zenuela berarekin hitz egiten amaituko. Baina zorteak, patuak edo auskalo zerk gau horren amaieran barraren ondoan jarri zaituzte azken tragoaren eskean.

 

Eta zerbeza, kubata edo dena delakoak edan ondoren jendeak edozer gauza kontatzeko joera har dezake. Edo ia edozer. Mihia arindu egiten zaigu nonbait, edo esaten dugun horrek gaua eta ilargiaren babesean garrantzia gutxiago duela iruditzen zaigu beharbada. Eta aurrean dugun ezezagunaren aurrean errazago hitz egiten dugulako zentzazioa daukat gainera, etxeko gertuenei ere esaten ez dizkiegun gauzak esateko joera izaten baitugu.

 

Aurretik aipatu dudan gizon horrek, zuk galdetu gabe, gaztetan soldaduska non egin zuen azalduko dizu, bertako militarrek ematen zioten nazka eta amorruaren isla ikusten diozu begietan, lehenengo txirriak erretzen hasi zireneko oroitzapenak marrazten dion irribarrea, euskal herriak sortzen zuen herrimina eta etxekoez pentsatzeak ematen zuen hutsunea... guzti hori eta gehiago kontatzen dizu, ondoan duen lagunak asper aurpegia jartzen duen bitartean, historia horren berri ondotxo dakielako ziur asko.

 

Azkenean, gizonak tarte bat hartu eta zerbeza trago bat hartzen ari den une horretan, aspertuta dabilen laguna etortzen zaizu, eta honakoa botatzen dizu besterik gabe, elkarrizketari bere esperientzia gehitu nahian:

 

-Hi gaztie, zer dek inportantiena bizi hontan hire ustez? 

 

Kutsu filosofikoa duten galdera asko egiten da ordu hauetan, eta gizonari bere adinarekin gazteari lezioa ematera doan irakaslearen itxura hartu diot. Hau ez zait gehiegi gustatu, urte karroka handia izate hutsagatik bizitzari buruz asko dakiela uste duen pertsonaia asko baitago. Eta batzuetan zu baino gazteagoa den batek honetaz edo hartaz gehiago jakin dezakeela ahaztu egiten baitugu. Baina hala ere, zer erantzun behar duzun pentsatzen hasten zara. Zer da garrantzitsuena? Familia, gertuko lagunak, ilusioa, askatasuna, osasuna, maitasuna, diru pixka bat... baina lagunak ez dit denborarik eman nahi, eta galderaz gain erantzuna ere berak botatzen du:

 

-Biziye gaztie, biziye bea. Bizi inberdala....

 

Gizon horrekin eta bere lagunarekin hitz egin eta gero, pertsonek hitz egiteko dugun beharraz pentsatzen hasten zara. Hitz egiteko beharraz eta, norbaitek gure historiak, tristeak edo alaiak, entzungo dituen nahiaz. Entzun eta ulertuko gaituen norbait, norberaren esperientziak bestearengan ere islatuta ikusteko esperantzaz. Batzuetan bizitzak ekartzen digun bakartasun hori nola edo hala uxatu nahi bagenu bezala.

 

Ez dut uste Larunbat gauero azkena erretiratze hori ideia ona denik. Baina Larunbat guztietan irten gabe gelditu edo beti goiz antzean erretiratzea ere ez dut gomendatzen. Batzuetan taberna itxi arte egon behar izaten da egi handienak entzuteko. Eta baita esateko ere.

 

Eta bizitzaz ikasi ere egin daiteke horrela. Batzuetan dena beltza edo zuria dela iruditzen zaizu, baina gero erratuta zinela konturatzen zara, eta bi kolore horiez gain beste aurpegi asko ere erakuts ditzakeela...

 

Berrogeita hamar urteko gizon horrek bizitzaren beste alde bat erakutsiko dizu entzuteko denbora hartzen baduzu, eta zuk berari ere zerbait erakutsiko zeniokeela iruditzen zaizu. Entzuteko astia hartuko balu.

 Berrogeita hamar urteko gizona, hamabost urteko neskatxa, barra barruko langilea, benetan ezagutu gabe betidanik gaizki erori zaizun mutil edo neska hori, edozein izan daiteke hurrengo Larunbatean barra ondoan hitz egiten tokatuko zaizun pertsona... hitz egin eta entzun, hori da dena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide