Sinesteak lanak ematen dituen berri bat kontatu zidaten aurreko batean. Baina ez pentsa gero sinestezina izateagatik gezurra denik. Ez dute alferrik esaten errealitateak fikzioa gainditzen duela. AEB-etan gertatu zen, Wisconsinen. Agian izango duzue bere berri, egunkari eta telebistan azaldu zela esan baitzidaten. Ni ez nintzen enteratu bere unean.
Emakume bat bere etxeko komunera joan eta eseri zen tronuan. Egin zituen nonbait egitekoak eta, zer bururatuko eta, gehiago mugitzeko gogorik ez zuela. Ziplo erabakia, aitzakia eta zalantza inozoetan ibili gabe. Zirt eta zart. Kanpoko bizitzaz aspertuta egongo zen beharbada, edo tronuan egoteko postura ikaragarri erosoa zela ohartuko zen une batetik bestera. Kontuak kontu, eta ez da txantxa, bertatik ez zela altxatuko erabaki zuen. Bi urte luzez egon zen bertan eserita. Bi urte. Hori bai dela egoskorra izatea.
Senarrak ematen omen zion janaria bertara. Telebista edo libururen bat ere eman beharko zion tartean behin, aspertuko zen bestela gajoa. Senarrak ere izango zuen arazoren bat ganbara alde horretan, ezin da ulertu bestela. Txantxak alde batera utzita ordea, eta hotz-hotzean pentsatzen jarrita, nola aguantatu ditzake burutik ondo dagoen norbaitek (hau eztabaidagarria bada ere), 730 egun komunean eserita???!!!! Pazientziatik haratago doan zerbait behar da horretarako. Hamaika entzuteko jaioak gara. Xelebreak gara pertsonak gero.
Kontua zertan amaitu zen ere jakin nahiko duzue. Esan zidatenaren arabera, egoerak ez zuen itxura onik hartu amaiera aldera (edo usain onik esan beharko nuke beharbada) eta egoera jasangaitza bihurtu zen. Azkenean, diskusio eta lehia gogorren ondoren, suhiltzaileak etorri omen ziren (era guztietako tramankuluz josita) emakumearen patua aldatzera. Ez dakit zehazki zer ikusi zuten komunera sartu zirenean, eta horretan gehiegi ez pentsatzea hobe.
Wisconsineko ospitale batean amaitu zuen azkenean gure protagonistak, baina ez pentsa bere kabuz joan zenik. Dirudienez, azkenerako komuneko tazan itsatsita geratu zitzaion ipurtalde horretako azala, eta komeria askoren ondoren komun eta guzti eraman zuten emakumea osasun egoitzara. Suhiltzaileek beraiek ere ez zuten lortu emakumea eta bere komun maitearen arteko harreman idilikoa hausterik.
Eta ez da literatura. Egia hutsa da.