Hiru bertsolari Ziripot elkartean

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2010ko mar. 22a, 19:03

Erniarraitz bertsozale elkarteak 10. urteurrena bete duela eta, bertso-afaria antolatu zuten elkartekoek pasa den larunbat honetan. Afari giro ederra eta azken urteetan elkarrekin jardun gabeak ziren hiru bertsolari entzutetsu saioa borobiltzeko: Andoni Egaña, Xabier Euzkitze eta Jon Sarasua.

Noiz edo noiz entzun izan dut bertsolari ona denak ez duela behar izaten gai jartzailerik bertsotan hasteko eta halaxe hasi ziren hiru hauek, bata besteari adarra jotzeko irrikaz beteta. Antzematen zitzaion Egañari ere aspalditxoan ez zuela bi hauei bertsotan adarra jotzeko aukerarik izan eta ez zegoen denbora galtzeko.

Badakigu Euzkitze eta Sarasua bertso mundutik aparte samar ibili izan direla azken urte hauetan. Norbaitek oxidatuta egongo zirela ere uste izango zuen eta, egia esatera, neuk ere banituen zalantza batzuk. Azkar uxatu ziren zalantzak. Benetan ez nuke jakingo hiruretan hoberena nor izan zen erabakitzen. Barre nahikoa egiteko aukera izan zen baina baita pentsatzera bultzatzen zaituzten bertso horietakoak ere. Politikaz, krisi ekonomikoaz, sexuaz (metrosexualez, asexualez edo zentimetrosexualez) eta beraien bizi pertsonalen gorabeherez ere jardun zuten une batzuetan. Sarasuak duela urte mordoa txapelketa nagusian egindako 'tongoaz' ere galdetu zioten Euzkitzek eta Egañak Sarasuari. Hark tongotik ezer ez zuela erantzun zuen Jonek, bertsoak berak eta bertsolaritzaren etorkizunak beste bide batzuk ireki behar dituela defendatuz. Apal egiten du bertsotan Jonek, baina bere mezua erraz iristen da bertsozalearengana.

Entzuleen artean ere baziren bertsolari ezagun askoak: Imanol Lazkano edo Joxe Agirre beste batzuren artean. Gustora irten zirela uste dut.

Ez nuke amaitu nahi beste protagonista batzuk aipatu gabe. Gizarte honetan itzal handia duen jendea miresteko joera ikaragarria dugu. Baina baita itzalpean lan eskerga egiten duena ahazteko ere. Berdin da bertsolaritzan, futbolean edo dena delakoan. Egañak aipatu zuen txapelketa nagusiko finalean zenbat lagun zeuden lan egiten isilean, "eta asko bolondres gainera" bere hitzetan. Eta larunbateko afarian berdin. Bost edo sei lagun aritu ziren lanean ia etenik gabe, zentimorik ikusi gabe eta bertsolariek jasotzen dituzten txaloak entzun gabe. Hemendik txalo zaparrada bat beraientzat, isilpekoak badira ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide