Joxe Aranzabal eta Samantha Kittle

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2011ko mai. 19a, 17:05

Joxe eta Samantha. Euskalduna bata eta amerikarra bestea. Joxek berrogeita hemezortzi urte ditu. Hogeita sei besterik ez Samanthak. Ez dira ezagutzen baina bizitzak mundu paralelo berean jarri ditu.

Joxe Aranzabalekin hasiko naiz. Interneten blogak irakurri zaleak bazarete, jakingo duzue nor den. Mondragonen jaio zen 1952an eta bertako unibertsitatean lan egiten du, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean. 2002ko egun batean ondoezik sentitu zen eta ospitalean froga batzuk egin ondoren odoleko minbizi mota bat aurkitu zioten: linfoma folikularra.

Gaixotasuna isilik eta bakardadean sufritu ordez, inor gutxik egingo zuena egitea erabaki zuen orduan Joxek: bere gaixotasunaren nondik norakoak azaldu pausoz pauso intertet bidez Sustatu.com atarian. Beldurrik gabe egin zuen, gardentasun miragarriz, ausardia osoz.  Idatzitako artikuluek berari (eta beste batzuei ere) on egingo ziotelakoan. Eta bete-betean asmatu zuen. Gero internet bidez idatzitako artikulu horiek eta jendeak jarraian bidali zizkion erantzun eta animoek Medikuak esan dit minbizia dudala liburuan ikusi zuten argia. Gaur egun, osasunez ondo dabil Joxe zorionez, eta Faroa izeneko blog propioa du Goiena.net atarian.

Samantha Kittle-i tumore bat aurkitu zioten garunean aurten bertan, Urtarrilean. Hogeita sei urte ditu eta A lie of the mind izeneko bloga idazten du interneten. Bere gaixotasunaz idaztea erabat terapeutikoa egiten zaiola ziurtatzen du, mesede handia egiten diola. Samanthak bere gaixotasunaren gorabeherak azaltzen ditu blogean. Gaixotasun bera edo antzekoren bat dutenentzat erreferente moduko bat bilakatu da. Batek baino gehiagok erantzuten diote beraien esperientzien berri emanez. Umore ikaragarria erakusten du Samanthak. Katu bat buruan jarrita agertzen da argazki batean, ile eskasia disimulatu nahian bezala. Radioterapia egitera etortzen zaizkionean, "estralurtar batzuk inguruan banitu bezala sentitzen naiz" azaltzen du, "mahai batean lotuta nagoen bitartean nirekin zer egin ez balekite bezala". Google bilatzailean sartu eta bere izena ipintzeaz bat Samantharen bost edo sei argazki aurkituko dituzue nahi izanez gero. Samantha Kittle jartzea nahikoa da.

Joxe eta Samantharen bereizgarririk handiena ez da gaixotasun zailei aurre egin behar izan dietela bakarrik. Gaixotasun horiei aurre nola egin dieten baizik. Naturaltasun osoz, ezer ezkutatu gabe. Momentu gogorretan, unerik tristeenetan, bakarrik gaudela sentitzen garenean, geure habia egin eta bertan ezkutatzeko joera izaten baitu pertsonak.

Joxez edo Samanthaz zer ikasia badugula uste dut.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide