Eraiki nahi dugun gizarte mota

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2012ko ots. 6a, 17:14

 

Ez dakit zer gizarte klase sortzen ari garen baina honek itxura onik ez duela esatea ez da sekretu bat. Aspaldian gauetan irratia entzuteko joera hartu dut. Bada Espainiako irrati nazionalean asko gustatzen zaidan programa bat: Afectos en la noche deitzen da. Gai desberdinei buruz hitz egiten jarduten dira bertan, gizarteak bizi dituen arazo larrienei garrantzia emanez betiere.

 

Herritarrek gaur egun aurrezteko aukerarik ba al dugun aztertzen ari ziren lehengoan. Kalean egindako enkuesta kritikatu horietako baten arabera, bataz beste biztanlegoaren ehuneko hirurogeita hamar inguruk diru kopuru handi samarra du oraindik aurreztuta: hogeita hamar mila euro inguru. Ez dakit zuei baina bizi ditugun garaietako nahiko zenbaki handiak iruditu zitzaizkidan niri. Baina batek daki.

 

Irratsaioak aurrera egin zuen. Deitzen zuen jendeak bere kasu pertsonala azaltzen zuen. Hirurogeita zazpi urteko emakume bat izan zen lehena. Agustina deitzen zen. Irratsaioa gidatzen duen Silvia Tarragonak zer moduz zegoen galdetu bezain pronto negarrari eman zion gajoak. Pare bat egunean lorik egin ezinik zegoela esan zuen. Zergatik galdetu zion Silviak. Alaba lanik gabe zegoela azaldu zion honek, eta hipoteka ordaindu ezin zuela eta, etxea galdu eta kalean gelditzeko arriskuan zegoela. Beste iloba bat lana galtzeko zorian zegoela. Eta berak bankuarekin arazoak zituela. Zer arazo mota diren galdetzen dio Silviak. Eta Agustinak esaten dio urte mordo batean bankuan aurreztuta izan duen dirua ateratzera joan denean bankuan ezin diotela bere dirua itzuli esan diotela. Nola? Silviaren galdera. Iruzurra egin didate, azaltzen du Agustinak. Berak bankuko zuzendariari dirua kontu fijo batean sartzeko esan ziola, berak ez zuela gauza hauetan ideiarik ere, baina kontu arrunt eta seguru batean sartzeko esan ziola dirua. Baina orain esan diotenez participacion preferente deituriko kontu arraroren batean omen zituen bere sosak eta ezingo du diru hori hogeita hemezortzi urtean ukitu ere egin !!! Silvia hiztuna da normalean baina hitzik gabe geratzen da. Agustinaren aieneak eta negar hotsak bakarrik entzuten dira bestaldean. Gero berriro hartzen du hitza: bizitza osoa eman duela diru hori aurrezten, eta orain, alaba eta ilobaren egoera larria ikusita dirua atera eta laguntzea erabaki duenean hori ere ezin duela egin!!!!

 

Azkenean horrelako egoera larriei aurre egiteko elkarte bateko teléfono zenbakia ematen diote Agustinari, han aholkua eta laguntza ematen saiatuko direla azpimarratuz. Hortik aurrera auskalo zer gertatu zaion Agustinari.

 

Irratian dauden ekonomista eta kazetariek horrelako kasu dezente dagoela esan zuten gero. Eta bezero askok gure diru apurrak zein kontutan ditugun ere ez dakigula.

 

Zer gizarte mota eraikitzen ari gara horrelako kasuak gertatzeko? Nor arraio dira bankuak gure diruarekin hórrela jolasteko? Zergatik ez dugu instituzio desberdinetatik babes gehiago horrelako iruzurren aurrean? Zer gizarte utzi behar diegu gure seme alabei?


Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide