Tutera-Azpeitia izango da 2024ko Lagun Onak MBren etapazko ekimena

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2023ko abe. 16a, 12:16

Lagun Onak mendi bazkunaren atzoko batzar irudia. (Lagun Onak MB)

Lagun Onak mendi bazkunak atzo egin zuen batzar nagusian iragarri zen Tutera-Azpeitia egitasmoa, eta egungo zuzendaritza batzordeak beste urtebetez behin-behinean jarraitzea ere erabaki zen.

Tuteratik abiatu, Euskal Herria aldez alde zeharkatu eta, etxean, Azpeitian amaitu. Horixe izango da 2024 urtean Azpeitiko Lagun Onak mendi bazkunak egingo duen helduentzako etapazko ekimena. Ibilbideak 250 kilometro ditu guztira, eta 6.000 metroko desnibel metatua, eta mendizaleek bederatzi etapetan egingo dutela aurreikusten da. Lehenengo etapa otsailaren 17an egingo da, eta azkenekoa urriaren 19an, festa egun batekin borobilduko litzatekeena. Atzo iragarri zen egitasmoa, elkartearen batzar nagusian.

Ekimen honekin, Lagun Onak Mendi Bazkunak Errigoraren espirituarekin bat egin nahi du eta, mendizaletasunaren eskutik, Euskal Herriko bi eskualde anitz elkarlotu: Erribera eta Gipuzkoako barnealdea. Ibilbideak askotariko paisaiak eskaintzen ditu, eta gure herriaren aniztasunaren erakusle izan nahi du: hegoaldeko ingurune lehorretatik iparraldeko hezeguneetara, baso, basamortu, mendi, lautada eta era guztietako bide eta bidezidorretatik igaroko baita. Bestalde, 2024an Kilometroak Azpeitian egingo direla kontutan hartuta, egitasmo horrekin ere lotura bilatuko du mendizale elkarteak. 

Tutera-Azpeitiak azken urteetan Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatu dituen helduentzako etapazko ekimenen antzeko planteamendua dauka. Hau da, Azpeitia-Hazparren, Azpeitia-Bilbo kostatik, Ardoaren eta arrainaren ibilbidea, Azpeitia-Iruñea eta Azpeitia-Hiru Erregeen Mahaia ekimenen antzeko formatuan osatuko da egitasmoa. Ekimena mendizale, ibiltari edo naturazaleei orokorrean zuzendua dago, eta egon daitekeen erronkarik handienetakoa zein politenetakoa izan daiteke: Euskal Herriko mapako urruneneko puntuetako batetik abiatu, eta handik etxerako bidea egin.

Guztira bederatzi etapa eta bederatzi egun beharko dira egitasmoa osatzeko. Etapek 20 eta 30 kilometro artean izango dituzte, aurreko ekimenetan egin izan denaren antzera. Pasa den urtean bezala, aurten ere autobusean pixkak kilometro gehiago egitea tokatuko da, batez ere lehenengo etapetan, eta bi egunetako asteburuko irteera bat egitea ere aurreikusten da, Urbasa inguruan. 

Batzordearen berritzea

Bestalde, eta beste hautagaitzarik aurkeztu ez denez, egungo batzordeak beste urtebetez behin behinean jarraituko duela erabaki zen batzarrean. Honela, Arantxa Larrañagak segituko du lehendakari bezala, Mikek Agirre izango da lehendakariordea, Anjel Mari Etxeberria idazkaria eta Josu Izagirre diruzaina. Azkenik, Aitor Unanue, Ane Soraluze, Partxe, Matraka, Txitxas, Ketu eta Aitor Aranbarri izango dira gainerako batzordekideak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide