Iraurgi Berritzenen XIII. Topaketak

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2015ko aza. 25a, 17:11

Atzo, asteartea, egin ziren Azkoitiko Elkargunean Iraurgi Berritzenen XIII. Topaketak, 'Elkarrekin eskualdea eraldatzen' lelopean. Iraurgi Berritzenek Azpeitiko eta Azkoitiko udal-erakunde publikoen sustapen sozioekonomikoa eta berrikuntzarako estrategia bateratzen ditu.

Bertan, pasa den urtean eragileengandik jasotako proposamenei erantzunez, gaur egun abian dauden proiektuak aurkeztu zituzten, bai eragileen ordezkariek zuzenean (Nerea Iriarte –Lan Mobeleko gerentea- , Koldo Gurutxaga -Floreaga Ikastetxeko zuzendaria- eta Agustin Lizarralde -Azpeitiko Ekonomia zinegotzia-), bai Iraurgi Berritzeneko lehendakaria den Azkoitiko alkate Jabier Zubizarretak, eta bai Jesus Agirre eta Begoña Beobide zuzendariek.

Iraurgi Berritzenetik garatzen ari diren proiektuetatik azpimarratu behar dira besteak beste, enpresen arteko elkarlanera eta berrikuntza sustatzera zuzenduta daudenak: enpresa traktore eta hornitzaileen elkarlana helburu duen Hornitu Proiektua; mekanizazio enpresa txikien arteko aliantza den Munibe Group; enpresen kudeaketa ereduetan partaidetza sustatzeko proiektuak (Enparte Proiektua) eta enpresen kapazitazio eta sensibilizaziorako jardunaldiak, berrikuntza esparruetan. Hauez gain, Iraurgi Berritzen enpresen dibersifikaziorako garatzen ari den ildoak eta barne-ekintzailetasuna sustatzeko lortutako emaitzak aurkeztu zituzten topaketetan.

Hezkuntzan, berriz, gazteen ekintzailetasun baloreak eta metodologia berrien irakasleen formakuntza helburua duen Elkarrekin Eraikitzen proiektu aurkeztu zen, eskualdeko ikastetxe guztiek bateratzen dituena. Ildo honetan, ikastetxeek landuko dituzten IKT eta sare sozialen proiektu berrien ildoak ere azaldu ziren.

Topaketetan, eskualdeko enpleguaren eta langabeziaren datuen eboluzioa ere azaldu eta aztertu zen eta, horrekin batera, ekintzailetasuna sustatzeko bi udalek Iraurgi Berritzenen eskutik bultzatutako diru-laguntzen emaitzak.

Azken urtean garatutako proiektuen aurkezpenaren ondoren, mahai-inguru bat egin zen eragile desberdinen artean, eskualdearen etorkizuneko sustapen ekonomikoaren gakoetaz mintzatzeko eta elkarrekin, eskualdea berritzen eta eraldatzen jarraitzeko. Ondorioen artean, abian diren proiektuen kontsolidazioa eta Iraurgi Berritzenen difusioa eta komunikazioa indartzeko beharra azpimarratu ziren.

Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako diputatuak Topaketetan parte hartu zuen eragileekin batera, Aldundiak ekonomia berpizteko duen plan berriaren ildoak azalduz eta Iraurgi Berritzenen lan-lerroak Aldundiaren ildo estrategikoekin uztartuta daudela adieraziz.

Topaketetan eskualdeko 20 enpresak, 5 ikastetxek, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Jabier Zubizarreta Azkoitiko alkateak, bi udaletako Ekonomia eta Hezkuntza zinegotziek, eta Iraurgi Berritzeneko arduradun eta teknikariek hartu zuten parte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide