Amaitzear da aurtengo Euronet 50/50 programa

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2023ko uzt. 6a, 11:41

Iraurgi Berritzen garapen agentziak eta Urola Erdiko Energia Mahaiak bultzatutako eta eskualdeko ikastetxeetan energia aurrezteko helburuz garatzen aritu diren Euronet 50/50 proiektua amaitzear da.

Iraurgi Berritzen eta Urola Erdiko Energia Mahaiak bultzatutako Euronet 50/50 proiektua amaitzear da. Programa ikastetxe bakoitzeko ibilbide energetikoa eginez hasi zuten, eskola bakoitza nola argiztatzen eta nola berotzen den ikusiz. Ondoren, energia iturrietan ere sakondu zuten, zer energia iturri dauden, horien jatorria zein den eta dituzten abantailak nahiz arazoak zein diren identifikatuz. Lanketa horiekin jabetu dira ikasleak energia gutxiago xahutzeko neurriak hartu behar direla eta "pobrezia energetikoa" gizartearen gaur egungo gaitza dela.

Ohitura energetikoen semaforoa egin zuten gero programan parte hartzen ari diren ikastetxe bakoitzarentzat, eskola bakoitzak hobetzeko dituen beharrezko ekintzetatik abiatuta. Semaforoak ikastetxeetako gune ikusgarrietan jarri dituzte, eta horien bitartez, ikasleak hobekuntzen bila aritu dira hiru garai ezberdinetan. Ikasleen ohitura energetikoak semaforoaren bitartez irudikatu dituzte, eta asmoa izan da gorriz edo horiz jarritako ohiturak berde kolorean bihurtzea.

Jolasa ikasteko beste modu bat dela sinetsita, horretan jarri genituen ikasleak joko ezberdinekin. Lehen Hezkuntzakoak kartetan aritu ziren, baina ez edonolako kartekin. Seiko urrearen jokoak duen dinamika baliatuta, energiari lotutako kontsumo egokiak eta desegokiak parekatu dituzte. Jolasaren bidez ikusi da ohitura egokiek Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) betetzea ahalbidetzen dutela; ordea, ez ohitura desegokiek. Bigarren Hezkuntzako ikasleek, berriz, joko digital eta interaktibo batean parte hartu dute. GJHak oinarri hartuta, proba ezberdinak gainditu behar izan zituzten gazteek kandadua zabaldu ahal izateko kode ezkutua lortzeko.

Egindako saio horien guztien garapenaren berri ematen duten webgunea du ikastetxe bakoitzak; gainontzeko ikasleei zein irakasleei informazioa helarazteko tresna baliagarria da, baita familiei.

Amaierako saioak egin berri dituzte, eta horiek ere jolasean gauzatu dituzte. Azken saio horietan ikasturtean zehar ikasitakoa errepasatu dute zenbait galderari erantzuteko probetan. Azkoitiko eta Azpeitiko ikastetxeetan egin dituzte jolasak, eta ikastetxe ezberdinetako ikasleak elkartzeko eta elkarlanean aritzeko bide eman du.

Proiektu Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotako dirulaguntzari esker finantzatutakoa izan da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide